Gurutze Fradesek brontzezko domina jantzi du Espainiako txapelketan

Anboto 2025eko azaroaren 5a

Gurutze Frades eskuman, Ibizako podiumean. (Instagram: Gurutze Frades)

Ibizan lehiatutako distantzia ertaineko proban, iurretarrak atzetik aurrerako bidera egin zuen podiumera heltzeko.

Gurutze Frades lehiara itzuli zen apirilean, ebakuntza baten ondorioz bost hilabatez geldi egon ostean. Harrezkero, pausoz pauso, bere sasoirik onena berreskuratzeko lanean dihardu. Joan zen asteburuan bide horretan urrats berri bat eman zuen Ibizan, distantzia ertaineko Espainiako triatloi txapelketan podiumera igota. 

Ohi moduan, atzetik aurrerako bidea egin zuen. Uretatik bederatzigarren postuan irten zen, bizikletan lau postu aurreratu zituen eta korrika beste bi. Helmuga 3:55:22eko denborarekin zeharkatu zuen. Bere aurretik sartutako biak ez zituen urruti izan. Proba Anna Noguerak irabazi zuen (3:53:16) eta Sofia Aguayo (3:53:40) geratu zen bigarren tokian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!