Eraso matxisten aurrean zelan jokatu zehaztu dute

Anboto 2014ko urt. 31a, 14:00

Udalbatza bozketa egiterako momentuan
Abenduan Abadiñoko igerilekuetan eraso egin zioten neskari “babesa eta elkartasuna” agertu dio Iurretako Udalak, Bilduk aurkeztutako mozio baten bidez. Haren eskubideak bermatzeko, Abadiñoko Udalak baliabideak bere eskura jar ditzala ere eskatu dute idatzian, egin den legez.

 

Horrelako gertaeren aurrean udalak hartuko duen jarrera zein izango den ere jaso dute aho batez onartu duten mozioan. "Horrelako gertaera gehiagorik ez egotea espero dugu, baina gertatuz gero, udalak zelan jokatu jakiteko jarraibide bat izan daiteke", esan du Bilduko Zorion Agirrezabalek. EAJ "puntuz puntu" ados dago idatziarekin. Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan, "denbora pasa da gertakaritik, baina mozioak badu zentzurik oraindik; zoritxarrez askotan gertatzen direlako horrelakoak. Beti egon gara eta egongo gara erasotzailearen kontra eta erasotuaren alde".

Herrian norbait erasotzailea edo erasotua dela baieztatzen bada, udala akusazio partikular lez aurkeztea onartu dute, eta neurriak hartzean "erasotuarekin adostuta eta bere askatasuna errespetatuz egitea". Erasoa "batere injerentzia barik" ikertzea exijituko dute eta ez dute onartuko "biolentzia matxista darabilten erasotzaileak inpunitatez aritzerik". Emakumeen eskubideen "defentsa irmoa" herriko agintean daudenen "ardura eta erantzukizuna" dela onartu dute.

PSE-EEk eta PPk ere mozioaren alde bozkatu dute

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!