Emakume erasotuak babestu ditu Berdintasun Kontseiluak

Anboto 2014ko urt. 16a, 09:50
Azken asteetan Durangon, Abadiñon eta Ermuan jazotako eraso sexistak izan dituzte berbagai Durangoko Berdintasun Kontseiluan. Gaitzespena eta arbuioa agertu dituzte, eta erasotuak izan direnak babestu.

Aho batez adostu dute mezua kontseiluan, baita Berdintasuneko Udal Batzordean ere. Udalak dauzkan babeserako baliabideak erasotuen esku jartzeko prest daudela diote, gainera. Bestalde, eguenero Plataforma Feministak antolatzen duen mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena egin diete herritar guztiei. Andra Marin izaten da kontzentrazioa, iluntzeko 20:00etan.

Durangoko erasoa urtarrilaren 5eko goizaldean gertatu zen. Emakume batek erasoa jaso izanaren abisua eman zuen. Ertzaintza agertu eta bere bikotekidea atxilotu zuen. Egun berean izan zen Ermukoa; andreak adierazi zuen bere bikote ohiak jo zuela. Abadiñon abenduan jazo zen erasoa, igerilekuetan. Neska batek, dutxan zegoela grabatu zutela salatu zuen Ertzaintzan. Kasu honetan, baina, Ertzaintzak ez du inor atxilotu.

Berdintasun Kontseiluak adierazi du antzeko indarkeria kasu guztiak arbuiatzen dituela, berdin dela eraso fisikoak, psikologikoak, sexualak, ekonomikoak edo pribatutasunaren kontrakoak izan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!