Lukupeko Troka eta Luku Txiki lurrez betetzeko Jaurlaritzaren baimena balio barik utzi dute.
Asturiasko Justizia Auzitegi Gorenak balio gabe utzi du Lukupeko Troka eta Luku Txiki ibarbideak lurrez betetzeko Eusko Jaurlaritzak emandako baimena. Goiuriko kofradiak eta kaltetutako auzokide batek aurkeztutako salaketak aintzat hartu ditu eta, honenbestez, 2007tik aurrera emandako baimenak baliogabetu ditu.
Jaurlaritzaren menpeko URA ur agentziako bi langileren kontra errekusatze-intzidente bana aurkeztu zituzten Goiuriko kofradiak eta kaltetutako auzokideak. Hala ere, Jaurlaritzak ez zituen tramitera eroan. Jarduera baimenduaren ebazpena ematean, errekurtsoak aurkeztu zituzten, kofradiaren eta auzokidearen abokatuak esan lez: “Lehenengo, administrazio-isiltasunagaz errekusatzeak desestimatu zituen Administrazioaren kontra; ondoren, Asturiasko Justizia Auzitegi Gorenean errekurtso orokorra aurkeztu genuen. Horrek arrazoia eman digu azaldutako 23 arrazoietariko batean”. URAko langileen aurkako errekusatzeak ez tramitatzeak “legedia urratzen” duela onartu du. Errekusatzeetan salatu dute, “zabortegiaren kokapen egokiaz jarduteko interesatuekin batzartu zirela Administrazioko teknikariak, isurketak egiten ziren bitartean”.
Auzia Asturiasko Auzitegira heldu da, Zaldairi eragiten dion erabaki administratiboa delako, hau da, Gaztela-Leonen isurtzen den Ibaizabalen ibaiadarrari. Gestioa URAren esku egon arren, azken erabakia Kantauriko Konfederazio Hidrografikoarena da (Oviedon du egoitza). Sententzia irmoa Konfederaziora bidali dute, dagokion organoari jakinarazi eta bete dadin.
Udal baimena ere auzitan
Lukupeko Troka eta Luku-Txiki ibarbideak lurrez betetzeko udalak 2010ean emandako jarduera eta obra lizentzia dekretua baliogabetzeko “determinatzailea” izan daiteke sententzia abokatuaren ustez, “zati garrantzitsu batean konfederazio hidrografikoaren azalpenak dituelako oinarri”. Erabakiaren kontra prozedura administratiboak daude zabalik Bilboko 2. eta 5. epaitegietan.