Goiuriako kofradiak Iñaki Totorikaguena alkatearen kontra aurkeztutako errefusatze-intzidentzia atzera botatzea onartu du udalbatzarrak. Honenbestez, Goiuria auzoan Lukupeko Troka eta Luku-Txiki ibarbideak lurrez betetzeko jarduerarako eta obretarako lizentzia espedientean erabaki ahalmena izaten jarraituko du alkateak. Auzi horretan "inpartziala" ez dela arrazoituta aurkeztu zuen kofradiak errefusatze-intzidentzia. Hori ez dela frogatu diote, baina, EAJ, PSE-EE eta PPk. Bildu ebazpenaren kontra agertu da.
Iazko azaroan hasitako errefusatze-intzidentzia ebatzita, Lukupeko Troka eta Luku-Txiki ibarbideak lurrez betetzeko jarduera eta obretarako lizentzia emateko bidea zabaldu da orain.
Aipatutako espedientean "inolako interes pertsonalik" duenik ukatu du alkateak, eta inongo alderekin adiskidetasunik edota ageriko etsaitasunik duenik. Auzi horretan interes zuzena duen pertsona natural edo juridikorekin zerbitzu-harremanik izatea ere ezeztatu du Totorikaguenak, ezta inolako zerbitzu profesionalik eman izana ere ez. Hori aintzat hartu dute errefusatze-intzidentzia atzera botatzerako orduan.
Goiuriako kofradiakfroga-bide moduan aurkeztutako galderak, berriz, "alegatutako errekusazio-arrazoiekin zerikusirik" ez dutela azaldu du alkateak, "ez dutelako helburu egotzitako ustezko adiskidetasun mineko harremana edota interes pertsonala erakustea. Ezta espedientean interesa izan dezakeen menpekotasun- zein zerbitzu- harremanik ere ez". Galdera "desegokiak" izan direla dio, ez dutela orden kronologikoa errespetatzen, era errekusatuaren agintaldiaren aurreko gaiei buruzkoak direla. Lekukotasun-frogan errekusatzaileekin eta horiekin lotutako pertsona baten oinarritzen direla arrazoitu du Totorikaguenak, eta agiri-frogek ez dutela "ezer berririk gehitzen".
Horretara, udalbatzarrak ez du uste aurkeztutako probek Alkatetzaren "legezkotasunaren, objektibotasunaren eta jarduteko independentziaren presuntzioa aldarazten" dutenik. Alkateari egotzitakoak egiazkoak direnik "ezin dela sinistu" dio, "abstentziorako edo errekusaziorako arrazoirik zeudenik ezin izan baitute demostratu". 2007an alkate izendatu zutenetik Lukupeko Troka eta Luku-Txiki ibarbideak lurrez betetzeko jarduerarako eta obretarako lizentzia espedientean esku-hartu izan du Totorikaguenak, eta 2011ko azaroaren 30era arte ezer ez egotzi izanak "gutxienez ere inkongruentzia" erakusten duela dio udalbatzarrak; baita "fede onaren arauen kontrakoa den jarduketa" ere.
"Borondate falta"
Bilduren ustean gaia ez da "beharrezko sakontasunagaz" aztertu, eta hasieratik gauzak argitzeko "borondate falta" izan dela salatu du. 2011ko azaroaren 30ean aurkeztu zen errefusatze-intzidentzia eta 2012ra arte ez zen batzorde zein plenoan azaldu, gogoratu dutenez. Aurkeztutako froga-bide gehienak baztertu direla ere salatu dute eta, orain, froga-bide moduan aurkeztutako galderen erantzunak aipatu gabe diktamena aurkeztu dela, "auzia ixteko". Auzotarrek "fede txarrez" jokatu duten edo ez esateko "inor" ez direla ere nabarmendu gura izan dute, "gauza askorekin bat ez etorri arren".
EAJ, berriz, "eskubidez abusatzea" izan dela azpimarratu du, "eskubide-murriztailea": "Sei hilabeteko bidegabekeria izan da. Alkatearen izen ona eta sinesgarritasuna zalantzan jarri da, eta egotzitako ezer ez da frogatu". Diotenez, "oso gai larriak egotzi zaizkio alkateari, oinarririk gabe". Errefusatze-intzidentziak Goiuria auzoan Lukupeko Troka eta Luku-Txiki ibarbideak lurrez betetzeko jarduerarako eta obretarako lizentzia jasotzen duen espedientea gelditu du, eta orain berriro jarriko da hori martxan.
"Alderdikeria"
PPk "alderdikeritzat" jo du errefusatze-intzidentzia: "Froga barik pertsona baten kontra egin gabe, politika egiteko besteerak daude". Auzokoen jarrera "tamalgarria" izan dela adierazi du. PSE-EEk, berriz, alkatea espedientetik baztertzeko arrazoirik ez dela frogatu nabarmendu du, "egia den arren, argitu gabe daudela lur beteketagaz lotutako espedienteari dagozkion gauza batzuk". Froga-bideei dagokionez, "onartu zitezkeen frogak onartu dira, besteak sumarioko sekretupean daude". Bilduk dio ez dela "laguntasun edo zerkusirik" frogatu, "baina kontrakorik be ez. Errefusatze-intzidentziaren tramitazio "oso arina" egin dela diote.