Alkatea zabortegiko auzitik baztertzeko eskaria

Anboto 2012ko ots. 1a, 13:52

Espedientetik baztertzea eskatu du Goiuriko kofradiak, \'partziala\' dela iritzita. Errekusatze-intzidente eskaria tramitera ahobatez onartu zuten, alkatea egon ez zen udalbatzarrean

Iñaki Totorikaguena alkatea Goiuriko Lukupeko Troka eta Luku-Txiki ibarbideak lurrez betetzeko jarduerarako eta obretarako lizentzia (2010ekoa) espedientetik baztertzea eskatu du Goiuriko kofradiak, “partziala” dela iritzita. Eskaria tramitera ahobatez onartu zuten, alkatea egon ez zen udalbatzarrean. Horregaz lotutako eginbeharren ardura udalbatzak hartzea proposatu dute.

 


2011ko ekainean eta uztailean lizentziarik barik ehunka kamioien edukia isuri zutela diote, sarbide-pistaren “legez kanpoko” lanen eraginez 2009an lur-jausia konpontzeko lortutako baimena aprobetxatuta; 2006tik itxita zegoen zabortegia. Jarduera ez zutela eten salatu dute, ezta zehapen espedientea agindu ere: “Probak ukatu (Udaltzaingoaren argazkiak barne) eta jarduerarik ez zela zioen udal arkitektoaren txostena onartuz”.

 


Inputatuta dagoen Jose Martin Etxebarria alkate ohiaren defentsa udalak sustatu eta ordaintzeko agindua eman duela ere badiote, eta Totorikaguena orduan “legez kanpoko egoeraren jakitun” zela: “alkatearen ordezko izan zen, eta Hirigintza Saileko arduradun legez kanpoko isuriak egin zirenean”.

 


“Zentzugabeko” eskaria
Iurretako EAJk eskaria “zentzugabea” dela dio, “babesa” agertuz alkateari. Kudeaketa “gardena eta legezkoa” dela diote. “Alkatearen izen ona kaltetzea eta administrazio espedientea atzeratzea gura duten gertakari faltsuongatik kezka eta arbuioia” agertu dute.

 

Jeltzaleek diotenez, "Iurretako udal kudeaketa guztiz gardena eta legezkoa izan da, txosten teknikoek bermatua, eta beti izan du oinarrian Iurretaren eta bertako herritar guztien onura orokorra bilatzea". Bide horretan, gogoratu gura izan dute Goiuriko betetze lana "enpresa jarduera bat dela" , eta "kudeaketa pribatua, gehiago gustatu ala ez" duena: "Udalak dagozkion tramkite guztiak behar ditu indarrean dagoen legedia betetzeko". Gaineratu dute, jarduera baimen hori, administratiboki arautua dagoela, "gainerakoekin gertatzen den legez, eta derrigorrez bete behar da". Ildo horretan, gogoratu dute enpresari sustatzaile hori eta haren enpresa birritan "zigortu" duela Udalak.

 

Udaleko funtzionario eta teknikarien lana babestu eta onetsi du EAJK ohar baten bitartez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!