Jira-bira askoren eta protesta ekitaldi bat baino gehiagoren ondoren, Kapitanena baserriak etorkizun argiagoa du zerumugan. Durangoko Udalak baserria eraberritzea onartu du behin-betiko, eta 900.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du bertan, San Faustoko auzotarrentzako gizarte-etxea egiteko. Udal ordezkariek atzoko osoko bilkuran onartu zuten proiektua.
Proiektuak zati bi ditu: baserria bera eta haren aldamenean altxatuko duten eraikin osagarria. Lehenengoan, bilera-gelak, irakurketa eta ikasketa gela, komunak eta biltegia atondu gura dituzte; bigarrenean, berriz, erabilera anitzeko gela eta kanpo-eremu estalia. Eraikin biak kontuan hartuta, guztizko azalera erabilgarria 200 metro karratukoa izango dela jakinarazi du udalak. Aurreproiektua Aiert Buruaga arkitekto durangarrak egin du.
Momentuz, Durangoko Udalak 100.000 euro erabiliko ditu proiektua idazteko, eta behin hori eginda, beste 833.000 baliatuko ditu obrak finantzatzeko. Azken horiek datorren urteko azken hiruhilekoan hasi gura dituzte.
100 urte baino gehiagoko etxea
Kapitanena baserriak 100 urte baino gehiago ditu, eta San Faustoko elizaren eta auzoko alde zaharraren artean dago. Udalak eraikina erosi zuen duela urte batzuk, eta 2019an esku hartze bat egin zuen, etxearen egitura sendotze aldera.
Baserrian gizarte etxea atontzeko asmoak ez dira berriak. Aurreko gobernu taldeak bertan gizarte-etxea atontzeko proposamena mahaigaineratu zuen. Etxeko solairu guztiak horretarako prestatzea eta igogailu bat ipintzea aurreikusi zuen. Alabaina, egungo gobernu taldeak bere proiektu propioa garatu du Kapitanenan, eta aurreko legealdiko proiektua baztertuta, etxearen beheko solairua bakarrik baliatzea, eta aldamenean eraikin osagarria altxatzea hobetsi du. San Faustoko auzo elkarteak behin baino gehiagotan egin du protesta, baserrian gizarte-etxea egin zedin eskatzeko. Hainbat mobilizazio egin zuten udal plazan, eta osoko bilkuretara ere jo zuten, beren eskariak politikariei aurrez aurre helarazteko.