San Faustoko auzotarrek Kapitanena baserriko proiektuaren geroaz galdetu dute udalbatzan

Ekaitz Herrera 2023ko ira. 28a, 08:40

Proiektuak lizitaziora noiz irtengo duen galdetu zuten auzokideek. Mireia Elkoroiribe alkateak "denbora" eskatu du. "Udalaren egungo egoera ekonomikoak" behartuta, proiektu bakoitza "tentuz aztertu eta lehenetsi" gura dute. "Batera" lan egitera deitu ditu auzokideak, eta argitu du udalak ez daukala zentro zibikoa geldiarazteko asmorik.

San Fausto auzo elkarteko kideak Durangoko osoko bilkurara joan ziren atzo, Kapitanena baserriko proiektuaren geroaz galdetzera. Dozena erdi bat auzotar bertaratu ziren, eta haietako bat agintariengana zuzendu zen mikrofonoa eskutan. Baserrian zentro zibiko bat egiteko asmoak direla eta, proiektuak lizitaziora noiz irtengo duen galdetu zuen auzotarrak. Mireia Elkoroiribe alkateak erantzun zuen "udalaren egoera ekonomikoak behartuta", mahai gainean dagoen proiektu bakoitza "tentuz aztertu eta lehenetsi" gura dutela. Alde horretatik, "denbora" eskatu zuen, eta argitu zuen udalak ez daukala San Faustoko zentro zibikoaren proiektua geldiarazteko asmorik. Era berean, "batera" lan egitera deitu zituen  auzotarrak. Hain zuzen ere, auzoko gaiak lantzeko bilkura bat antolatzeko asmoa agertu du udalak.

Proiektua "geldi"

Osoko bilkura amaituta, Herriaren Eskubideak gaiari buruzko iritzia plazaratu zuen ohar bidez. Proiektua aurreko legegintzalditik "idatzita" dagoela, eta horretarako "diru partida onartuta" dagoela gogoratu zuen Jorge Varela zinegotziak. Bere esanetan, "borondate politikoa baino ez da falta" Kapitanenan zentro zibikoa egiteko. Talde independenteak EAJri eta PSE-EEri eskatu die "aitzakiak jartzeari uzteko", eta "auzo-etxea eraikitzeko izapideak lehenbailehen martxan jartzeko".

Azken mugimenduak martxoan

Aurtengo martxoan, aurreko legegintzaldia martxan zela, EH Bilduko eta Herriaren Eskubideko agintariak San Faustoko auzotarrekin batu ziren Kapitanena baserriaren proiektua azaltzeko. Ordu hartako agintariek 1.022.000 euroko diru partida prestatu zuten egokitzapen lanetarako. Asmo haien arabera, hainbat eremuk osatuko lukete zentro zibikoa. Baserriko beheko solairuan erabilera anitzeko espazio bat, biltegi bat, komunak eta adinekoentzako arreta gela bat atontzea dago aurreikusia. Teilatupeko solairuan, berriz, ikasgela bat, musika entseguetarako gela bat eta batzar gela bat ipintzea aurreikusi zuten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!