Kapitanena baserria gizarte-etxe bihurtzeko proiektua aurkeztu dute

Anboto 2023ko mar. 16a, 09:55

Durangoko Udalak proiektua aurkeztu die San Faustoko auzotarrei. Erabilera anitzeko gela bat, ikasgela bat, musika entseguetarako gela eta batzar-gela atondu gura dute bertan.

Durangoko udal agintariak San Faustoko auzotarrekin batu ziren atzo, Kapitanena baserriko proiektuaren nondik norakoak jakinarazteko. Udalak auzotarren erabilerarako izango den auzo-etxea egin gura du bertan. Beheko solairuan erabilera anitzeko espazio bat sortu gura dute, biltegi batekin, komunekin eta adinekoei arreta emateko gela batekin lagunduta. Teilatupeko solairuan, berriz, ikasgela bat, musika entseguetarako gela bat eta batzar-gela bat ipintzea aurreikusi dute. Egokitzapen lan horiek guztiak egiteko, 1.022.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusi du Udalak. Diru partida "prestatuta" daukala dio. 

San Faustoko zentro zibiko hau laugarrena da orain arte martxan ipinitako gizarte etxeen zerrendan. Errotaritxuenako auzo-etxea atontzeko lanak martxan daude. Juan Itziarkoa lehiaketa publikora atera dute, eta Muruetatorrekoarekin, beste horrenbeste egitea aurreikusi dute. Kapitanenaren kasuan, udal ordezkariek azaldu dute "urte luzez abandonatutako" eraikin bat berreskuratuko dutela bizilagunei eskaintzeko. "Elkarteek eta pertsonek Durango anitzagoa eta sendoagoa lortzeko tresnak" izango dituztela adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!