Durangoko udal ordezkariak San Faustoko bizilagunekin batu ziren, atzo, auzoko elizan. Arduradunek Kapitanena baserria auzo-etxe bihurtzeari buruzko xehetasunak eman zizkieten han baturikoei. Etorkizuneko azpiegitura solairu bakarrekoa izango dela azaldu du udalak, eta horretarako, eraikin gehigarri bat jarriko dute gaur egungo baserriari atxikita. Hau da: baserriko beheko solairua eta atxikitako eraikinarena bat izango dira. Aukera horrekin, auzo-etxearen "azalera erabilgarria optimizatzea eta diseinu irisgarriagoa, seguruagoa eta balioaniztunagoa bermatzea" gura du udalak. Jakinarazi dutenez, hirigintza arloan egin beharreko izapidetze aldaketak martxan daude; fase hori sei hilabetetan amaituta egotea aurreikusi dute..
Era berean, udalak auzo-etxearen ezaugarrien berri eman du: egungo baserrian, bilera-gela, irakurketa-gela independentea, bainugelak, biltegia eta galdara-gela kokatuko dituzte; hari atxikitako eranskinean, berriz, erabilera anitzeko espazioa ipiniko dute. Azken hau 88 metro karratukoa izango da. Eraikin-multzoak sarbide bi izango ditu. Parketik, eranskinera sartu ahalko da; atzealdeko espaloitik, berriz, bi eremuetara. Beirazko hall edo ataria jarraiko dutela azaldu dute udal iturriek.
Auzo bizitzarako tresna
Sara Oceja Lurraldeko zinegotziaren esanetan, Kapitanena "funtsezko espazioa" da San Fauston. Eraberritzearekin, eraikinari "funtzionaltasun, irisgarritasun eta segurtasun handiagoa" ematea gura dute, hain zuzen ere. "Auzoko bizilagunen elkartearekin elkarlanean aritu gara, haien benetako beharrei erantzungo dien espazio bat diseinatzeko, baliabideak optimizatuz eta adin guztietarako eroso eta erabilera anitzekoa izango den gune bat bermatuz", azaldu du Ocejak.
Durangoko Udalak esan duenez, egungo diseinuak "aurrekontu optimizatua" izango du aurreko legegintzaldiko udal gobernuak esku artean zeukan proiektuaren aldean. Inbertsio estimatua "1.028.200 eurotik 833.615 eurora" murriztuko dutela adierazi du udalak. Era berean, espazio erabilgarriaren azalera osoa 176,5 metro koadrotik 199,47era handituko dela gaineratu dute.