“1973an ere faboritoak ginen, 'irabazita dago' zioten, baina jokatu beharra zegoen”

Joseba Derteano 2024ko api. 12a, 09:30

Belaunaldi desberdinetako jokalariek pasio beragaz bizi dute Athleticen lorpena. Ustaritz Aldekoa-Otalorak eta Jon Morcillok Cartujan ospatu zuten Espainiako Kopako garaipena. 1973an Athleticegaz Kopa irabazitako Jose Maria Lasak etxean ikusi zuen finala, lagunekin batera.

Jose Maria 'Txema' Lasak (Andoain, Durangon bizi da, 1948) badaki Athleticegaz Espainiako Kopa irabaztea zer den. 1973an lortu zuen eta oraindino ondo gogoan du zaleek taldeari etxera bueltan egin zioten harrera. Zapatuko finala Durangoko etxean ikusi zuen, lagunekin.

Etxetik bada ere, Sevillara joandako zaleen euforia beragaz jarraitu zenuen finala?
Ez nintzen fidatzen. Mallorca aintzat hartzeko moduko taldea zela uste nuen. Talde polita dauka. Ez da Real Madril edo Bartzelona, baina bai kategoria berean jokatzen duen taldea. Athleticzaleen artean bazegoen finala irabazi egingo zen sentsazioa, baina nik banekien gatxa izango zena.

Zure usteak partiduan zehar konfirmatu ziren.
Atzean ez zuten zulorik utzi eta guri koskatu egin zitzaigun arean sartzea. Bigarren zatia beste kontu bat izan zen. Markagailuan atzetik, partiduari buelta eman behar zitzaion nahitaez. Presioa ondo egin zuten, Mallorcak ezin zuen atzetik irten eta horrela heldu zen gola. 

Eta hainbeste final galduta, azkenean gozatzeko ordua heldu zen.
Bai, eta jokalariek lasaitua hartuko zuten. Bartzelonaren edo Real Madrilen kontra galtzea gauza bat da, baina Mallorcaren kontra galtzea dezepzio handia izango zen, zaleek konfiantza osoa zuten-eta garaipena lortuko genuela. Gure sasoian berdina gertatu zitzaigun.

Castelloni 2-0 irabazi zenioten Vicente Calderon zelaian. Zergaitik diozu berdina gertatu zitzaizuela?
Castellonek denbora gutxi zeraman Lehen Mailan. 1973an faboritoak ginen eta "irabazita dago" zioten zaleek. Baina partidua jokatu beharra zegoen eta aukerak sartu egin behar ziren. Final batean gauza asko gertatu daiteke. 

Orduan txanponaren aurkia bizi izan zenuen, eta 1978an ifrentzua. Betisek penaltietan irabazi zizuen finala.
Betis gaur egungo Mallorcaren antzeko taldea zen. Jokalari politak zituen. Orduan ere geuk irabaziko genuela uste zen, faboritoak ginen, baina Sevillara joan zen Kopa. 

Zelakoa izan zen 1973ko finalaren osteko ospakizuna? 
Madrildik bueltan Mirandan eman genuen gaua. Biharamunean, makina bat kotxek eta motok lagundu zioten gure autobusari. Bizkaiko lehenengo herria Otxandio zen. Zenbat jende! Beteta. Txanpaina atera ziguten. Urkiola jaisten suziriak jaurti zituzten. Durangon, Ezkurdi ingurua jendez beterik zegoen. Iurretan, paper-fabrika inguruan, baserritarrak aitzurrekin ortuan zebiltzan. Gu gentozela ikustean, aitzurra utzi eta korrika batean etorri ziren gu animatzera. Irudi hori ondo gogoan dut. Atxurin autobusetik jaitsi eta kamioi batera igo ginen udaletxera joateko. Ikaragarria izan zen. Athleticen afizioa berezia da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!