“Talde honek gure sasoikoak ere ordezkatzen dituela sentitzen dut; guri ere atera digute arantzatxoa"

Joseba Derteano 2024ko api. 12a, 09:30
Ustaritz —eskuman— Asier Ormazabal eta Aitor Ramos jokalari ohi eta lagunekin, Cartujan

Ustaritz Aldekoa Otalorak (Abadiño, 1983) sei denboralditan jantzi zuen Athleticen talde nagusiko elastikoa. 2009an Kopako finala jokatu zuen taldeko partaidea izan zen. Joan zen zapatuan, zale moduan, Cartujan ospatu zuen bere bihotzeko taldearen garaipena.

Zelako esperientzia bizi izan zenuen Sevillan?
Eguenean joan nintzen, finala jokatu baino egun bi lehenago. Urtebetean Betis taldean jokatu nuen eta lagunak ditut han. Finala aspaldiko lagunak ikusteko ere aprobetxatu nuen. Gero, bazkide naizen aldetik ez zitzaidan sarrerarik egokitu, baina banuen sarrera bat jokalari ohi modura finala Cartujan ikusteko.

Athleticzaleen 'inbasioa' dioten bestekoa izan zen Sevillan?
Bai, ikaragarria izan zen. Zapatuan, begiratzen zenuen tokira begiratzen zenuela, kamiseta zurigorriak ikusten ziren. Desproportzio handia zegoen zalego bien artean. Gu Betis kaleko apartamentu batean geunden eta handik bista ona geneukan. Balkoitik garbi ikusten zen athleticzaleen uholdea. 

Zelan bizi izan zenuen Berenguerren penaltia? 
Begiak busti izan nituen lehenengo penalti jaurtiketatik bertatik. Niretzat emozioen errusiar mendi bat izan zen. Ingurura begiratuta, ikustekoak ziren zaleen aurpegiak. Batzuk, zelaiari bizkarra emanda, zaleen oihuekin enteratzen ziren gertatzen zenaz. 

Jokalariek lasaitua hartuko zuten azkenean Kopa irabazita. 
Bai. Athleticek askotan jo du atea, eta azkenean bota du. Askotan ahalegindu da, etsi barik. Porrot bakoitzaren ondoren zutuntzeko eta berriro ahalegintzeko gaitasuna erakutsi du, eta horrek meritu handia du nire ustez. Azkenean, hainbeste finaletara helduta, denbora kontua zen bat irabaztea. Merezitako garaipena da eta ezin zaie gehiago eskatu, ez taldeari ezta zalegoari ere. Denok bultza egin dugu. Zaleak sekula ere ez dio bizkarra eman taldeari, eta beti erakutsi dio babesa, baita une gogorretan ere.

Taldeko beteranoekin kointziditu zenuen taldean; hala nola Iker Muniainegaz eta Oscar de Marcosegaz.
Asko pozten naiz eurengaitik ere, bene-benetan. Final asko izan dira galdurikoak eta merezi zuten garaipen hau. Sentipen bat dut. Talde honek gure sasoikoa ere ordezkatzen duela sentitzen dut. Hau da, guri ere atera digute barruan geneukan arantzatxoa. 

Athleticek final dezente jokatu du, baina sentipen aldetik aurtengoa eta 2009koa iruditzen zaizkit berezienak. Ados zaude?
25 urte finalera heldu barik, jendea ilusio ikaragarriagaz zegoen Sevillaren kontrako finalerdia irabazi genuenetik. Final hura mugarri bat izan zen taldearen ibilbidean. Kopa irabazi genezakeela sinetsi genuen. Txinparta bat piztu zen. Harrezkero, final asko jokatu dugu eta zaleen eta jokalarien arteko kimika handitzen joan da, zapatuko punturik gorenera heldu arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!