“Zaleek ilusio ikaragarria zuten. Irabazita, taldeak pisu handia kendu zuen gainetik"

Joseba Derteano 2024ko api. 12a, 09:30

Jon Morcillo (Zornotza, 1998) Amorebietan jokatzen dabil, Athleticek utzita. Amorebietak barikuan jokatu zuen ligako partidua. Beraz, hurrengo egunean Sevillara joan eta finala Cartujan ikusteko aukera izan zuen jokalari zornotzarrak.

Zelan bizi izan duzu Athleticen balentria hau?
Finala jokatu baino egun batzuk lehenago taldeko jokalari batzuekin bazkaldu nuen. Urduri baino gehiago, finala jokatzeko gogotsu sumatu nituen. Gero, joan zen barikuan Amorebietagaz aritu ondoren, Jandro Castro entrenatzailea ondo portatu zen gugaz eta egun biko atsedena eman zigun. Horri eskerrak joan nintzen Sevillara. Han aurkitu nuena itzela izan zen. Hiri osoan eta Athletic Hirian zoramena zen nagusi. Izkina guztietatik sartu edo irteten ziren zale zurigorriak. Afizio moduan, bejondeigula! Cartujan jokalarien senitarteko eta lagunekin ikusi nuen finala. 

Zer iruditu zitzaizun Athleticen partidua?
Lehenengo zatian apur bat urduri irten zuten, normala den moduan. Aurretik Athleticek hainbat final galdu izanaren presioa sentitzen zuten, beharbada. Mallorcaren gola kolpe gogorra izan zen. Bigarrenen zatian, ostera, nagusi izan ziren, batez ere golaren ondoren, eta penaltietara heldu aurretik finala irabazteko aukerak izan zituzten. 

Penaltiak Mallorcaren plana ziren, ez Athleticena. Zelan bizi izan zenituen?
Beldur apur bategaz eta oso urduri. Harmailetatik desberdin bizi da dena. Zelaian edo aulkian zaudenean, taldekideengan babesten zara, eurekin komentatzen dituzu zure ardurak. Zorionez, beste momentu batzuetan kontrako izan dugun zortea aldeko izan dugu.  

Penalti guztiak sartu zituzten. Erabakigarriena, Berenguerrek.
Lehenengo zatia Oihan Sanceten lagunekin ikusi nuen, eta bigarrena Iñaki Williamsen lagunekin. Iñakiren lagun bat besarkatuta nengoen Berenguerrek penaltia jaurti zuenean. Estu geunden biok eta baloia barrura joan zenean… ez dakit zelan adierazi sentitu nuena.

Gero ondo ospatuko zenuen, ezta?
Bai, jakina! Jokalariak zeuden hotelera ere joan nintzen, denak zoriontzera. Oso une polita izan zen. 

Jokalariek gainetik pisu astuna kendu dutela uste duzu?
Bai, liberazio bat izan zen. 40 urte denbora luzea da. Kopa oso maitatua da Bilbon, eta zaleek ilusio ikaragarria zuten. Taldeak pisu handia kendu du gainetik, bai. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!