[ARGAZKIAK] David Garcia durangarrak eta Andikona Albizuri berriztarrak irabazi dute Tabirako mendi lasterketa

Anboto 2021ko eka. 27a, 13:23

Guztira 120 korrikalarik parte hartu dute 20 kilometroko proban.

Durangoko Tabira auzoko jaien barruan antolatutako ekimena izan da. Korrikalariak Larringan, Atxarte, Guenzelai, Artola, Sagasta, Gosentza, Mendilibar eta Untzilla ingurutik ibili dira 20 kilometroko proban. Gizonetan David Garcia durangarrak irabazi du: 1.26.58. Durangon bizi den Owen Davies ingelesa sailkatu da bigarren (1.27.32) eta Abadiñon bizi den Antxon Belaustegui lekeitiarra hirugarren (1.29.55). Garciak eta Daviesek lehia estua mantendu dute. Artola gainetik lasterketa buruan bakarrik igaro da durangarra, baina 12. kilometro inguruan harrapatu egin du ingelesak. Hurrengo aldapan berriro erritmoa bizitu du Garciak eta azkenean bakarrik helmugaratu da.Lehenengo bien artean 34 segundoko aldea bakarrik egon da.

"Aspaldian etxean lasterketa bat irabazi barik nengoen eta oso pozik nago", adierazi du Garciak. Izan ere, ia urte bian lasterketetan lehiatu barik egon da pandemiaren eta lesioen ondorioz. Orain asteburu bi itzuli zen lehiara Tolosaldeko Bi Tontorrak lasterketan eta bigarren amaitu zuen Oier Ariznabarretaren atzetik.

Emakumeetan Andikona Albizuri berriztarrak irabazi du (1.53.57), Zutoia Odriozola elorriarraren (1.54.14) eta Pilar Arriola elgoibartarraren (2.08.20) aurretik. Albizurirena meritu handiko garaipena da, lehenengoz parte hartu duelako lasterketa batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!