Iaz ez zen jairik ospatu pandemiaren eraginez. Aurten normaltasunez bueltatuko dira?
Gontzal Merino: Oraindino ez. Esaterako, marmitako eta tortilla txapelketak ez dira egingo, ezta mus eta partxis txapelketak ere, eta txosnarik ere ez dugu ipiniko. Jende pilaketak saihesteko harturiko neurriak dira. Tortillak ekarri eta jatordu bat egiteko deialdi bat dago, baina auzotarrei mugatuta dago.
Txosnarik barik, diru iturri bat gutxiago. Zelan ordezkatuko duzue?
G.M.: Orain, diru iturri nagusia mendi martxa eta lasterketa dira.
Mendi martxa ez da nobedadea, baina orain urte gutxi ipini zenuten martxan. Ondo funtzionatzen du?
G.M.: Bai. Aurtengoa hirugarren aldia izango da. Lehenengo aldiko izen-ematea aste bitan amaitu zen. Beste 50 plaza gehitu genituen, batez ere egunean bertan apuntatzen ziren auzotarrei begira. Iaz ere plaza guztiak bete ziren. Pandemiaren ondorioz ez dago proba askorik eta aurten ere gogotsu dago jendea. Markina, Donostia, Amurrio, Orio, Ondarroa eta beste herri batzuetakoek izena eman dute. Martxa luzeak 20 kilometro eta 800 metroko desnibela ditu. 10 kilometroko martxa laburrago bat ere badago.
Zelako giroa sumatzen duzue auzoan? Jendea gogoz dago jairako?
Asier Angulo.: Eguraldi onagaz Tabirako parkea beterik egoten da beti, eta azkenaldian gehiago oraindino. Ez dakit zergatik den, COVIDak eragin duen, baina egunetik egunera beteago ikusten dugu auzoa eta, aldi berean, geroago eta jende gehiagok ezagutzen ditu Tabirako jaiak.
Zer nabarmenduko zenukete egitarauari buruz?
Monse Elkoro: Zapatu arratsaldean Virgen del Cisne eta Kriskitin dantza taldeen saioa dago eta baita Laru, Parkatu eta Ameba taldeen kontzertuak ere. Sarrerak Arte eta Historia Museoan eskuratu daitezke, besteak beste.
Juanjo Fondado: Mendi martxa eta lasterketa domekan dira. Martitzenean bertso saioa dugu; Eneko Abasolo, Irune Basagoiti eta Txaber Altube bertsolariak arituko dira. Jose Mari Odriozola txistulariak giroa ipiniko du eta Jokin eta Iban txalapartariak ere egongo dira.
Zelakoa da jai batzordearen egoera?
G.M.: Jende gehiago beti dator ondo ekintzak antolatzeko.
A.A.: Une batean, sasoi bateko jendeak Tabirakoak ginen gazte batzuei erreleboa eman ziguten. Pare bat urtean oso jende gutxigaz antolatu genituen jaiak. Laguntza eskatu genuen eta jende berria etortzen hasi zen. Une honetan oso pozik nago dugun taldeagaz.
Jaiak auzo elkartearen eta gaztetxearen artean antolatu dituzue. Elkarlan hori aspaldikoa da?
A.A.: Gaztetxea martxan ipini eta hurrengo urtean hasi ziren hango gazteak parte hartzen. Eragile biak Tabirakoak direnez, elkarlanean aritzeko aukera ikusi genuen. Urterik urtera handitzen joan den elkarlana da.