Tabirako Saskibaloi Klubak presidente bi izango ditu ekainaren 30etik aurrera: Alicia Gomez eta Hilario Perez

Joseba Derteano 2021ko eka. 8a, 11:28
Zuzendaritza berriko eta zaharreko kideak joan zen astean Landako kiroldegian egindako batzarrean. Bertan izan ziren Alicia Gomez eta Hilario Perez.

Oro har, zuzendaritza berria zabala izatea nahi dute eta sail bakoitzak autonomiagaz jardutea.

Tabirako saskibaloi Klubak ohiko eta ezohiko batzar bana egingo ditu ekainaren 30an. Bigarrenean, zuzendaritza berriko kideek euren karguak hartuko dituzte eta denboraldi berrira begirako aurrekontuak aurkeztuko dituzte.

Zuzendaritza berriak ohikoa ez den eredu baten alde egin du eta Tabirako presidente bik gidatuko dute. Alde batetik, Alicia Gomez dago. Eskualdean bizi den gipuzkoarrak,Gipuzkoako enpresari onenaren saria irabazi zuen 2018an, Aspegik, Emakume Profesional eta Entrepesari Elkarteak urtero egiten duen sariketan. Bere lana klubeko askotariko sailen gertuko jarraipena egitea izango da. Gomezen ondoan Hilario Perez durangarra egongo da. Bere sasoian, Perezek 10 bat urte eman zituen klubeko zuzendaritzan, euretako lau presidente moduan, 2007tik 2011ra. Beraz, badaki kargu horrek zer dakarren. Besteak beste, Tabirakoren sorrerako 50. urteurreneko ospakizunak gidatzea egokitu zitzaion. Bere bigarren etapan hartueman instituzionalak lantzen, eta herriko askotariko elkarteekin eta klubekin lanean ariko da.

Oro har, zuzendaritza zabala izatea nahi dute eta sail bakoitzak autonomiagaz jardutea. Kide asko berriak dira eta batzuk aurreko zuzendaritzatik jarraitzen dute. Honako hauek dira zuzendaritza berriko sailak, euren arduradunak eta eginbeharrak:

Presidenteak

- Alicia Gomez: ekintzak eta klubeko jarraipena bere askotariko sailekin.
- Hilario Perez: hartueman instituzionalak,  babesleak, eta sinergiak Durangoko klubekin eta elkarteekin.

Presidenteordeak

- Txetxu Basozabal, Alicia Gomez eta Iñaki Berriozabal: dekalogo baten lanketa, barne-funtzionamendua, estatutuak eta abar.

Idazkaria

- Olatz Muguerza: batzarretako aktak, gutunen eta dokumentoen bidalketa, eta sail ekonomikoarekin lankidetza.

Sail ekonomikoa

- Eduardo Sagalá: aurrekontuak, sarrera-irteerak, diru-laguntzak eta abar.

Kirol kudeaketa

- Pablo Molina, Sebas Perez eta Txelu Martin: osasun-azterketak, fitxak, klubeko askotariko taldeen koordinazioa Asis Iturberen laguntzarekin eta kirol kudeaketak eskatzen dituen beste hainbat zeregin.

Euskara eta ikastetxeak

- Agurtzane Maiztegui eta Marta Eguen: euskara klubeko sail denetan txertatzea, ikastetxeekin lanketa…

Ekipamenduak eta mantenua

- Merche Martínez eta Besi Carreto: ekipazioari eta kirol-materialari lotutako guztia.

Sare sozialak

-Noemi López: sare sozialak, grabazioak, albisteak…

Klubeko webgunea

- Txelu Basozabal: webgunearen kudeaketa Noemi Lopezekin eta Alicia Gomezekin elkarlanean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!