Tabirakoko presidente berria Hilario Perez da

Anboto 2007ko eka. 28a, 14:19
Martitzenean, Jesuitetan egindako batzarrean, Tabirako saskibaloi klubak presidente eta zuzendaritza batzorde berria aukeratu zituen. Oscar Presnoren ordez, Hilario Perez durangarra da lehendakari berria; orain arte lehendakariordea izan da.
Martitzenean, Jesuitetan egindako batzarrean, Tabirako saskibaloi klubak presidente eta zuzendaritza batzorde berria aukeratu zituen. Oscar Presnoren ordez, Hilario Perez durangarra da lehendakari berria; orain arte lehendakariordea izan da.

Perezek gehiengo osoz hartu du kargua. Bera da aurreko zuzendaritzatik geratzen den kide bakarra; gainerako zortzirak berriak dira. Lehendakariorde kargua Gorka Callek hartu du. Idazkari legez Itsaso Gartzia ariko da, eta diruzainak Jorge Intsausti eta Fede Mendizabal dira. Azkenik, batzordekide dira Mari Carmen Sarrionaindia, Rosa Garcia, Rafa Zabala eta Juan Mari Arriba ere.

Zuzendaritza berriak zaharraren laguntza izan du klubaren funtzionamendua ezagutzeko: “Horrek nolako harreman gizalegetsua egon den erakusten du”, dio Hilario Perez lehendakariak.

Datorren urteari begira, ikastetxeetako saskibaloi eremuan “lan handiagoa egingo dugu”, eta “klubaren saskibaloi oinarria indartzen saiatuko gara”.

Era berean, gizonezkoen eta emakumezkoen talde nagusiak “dauden mailetan egonkortzea lortu behar dugu. Gainera, gizonezkoen taldeak baditu LEBera igotzeko borrokan egoteko indarra eta gaitasuna”, Perezen ustez. Azkenik, entrenatzaileak trebatzeko ikastaroak egiten jarraituko dute, ahal den ordutegi malguenarekin.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!