Hamalau bat laguneko talde bat prest dago Tabirako saskibaloi klubaren gidaritza hartzeko

Joseba Derteano 2021ko mai. 28a, 16:00
Tabirakoren denboraldi hasierako aurkezpeneko irudia, iazko martxoan.

Ondorioz, klubaren jarraipena bermatuta dago.

Tabirako kluba osatzen duen familia handiak ardura handiz bizi izan ditu azken asteak. Zuzendaritza osatzeko lagun talde berri bat agertu ezean, 61 urteko historia duen kluba desagertzeko arriskuan zegoen. Azkenean, sukaldeko lanak bere fruituak eman ditu eta klubaren gidaritza hartuko duen 14 bat laguneko talde bat sortu dela konfirmatu du Ina Mendibe klubeko presidenteak.

Orain arteko zuzendaritzak sei urte eman ditu karguan: legegintzaldi oso bat eta beste baten erdia. 2019an, lehenengo legegintzaldia amaitu zenean, ez zen hautagai berririk aurkeztu. Baina zuzendaritzako batzuek erreleboa nahi zuten. Ataka horren aurrean aurkitu zirela gogoratu Mendibek eta erdibideko irtenbide batekin egin zuten aurrera. "Batzar orokorrean planteatu genuen, beste legegintzaldi bat egin genezakeela edo beste urte bi egin genitzakeela eta ikusi epealdi horretan erreleboa hartzeko lagun talderik agertzen zen".

Bi urte horiek joanda, kide batzuek zuzendaritza utziko zutela iragarri zuten iaz, tartean, Ina Mendibek berak. Arrazoi nagusia "nekea" dela dio. "Gainera, COVID 19ko sasoi hau bereziki nekagarria izan da", onartu du Mendibek. Zuzendaritzan jarraitzekoak zirenak "ez ziren indarrez aurkitzen" gurdiari eurek bakarrik tira egiteko. Ondorioz, hauteskunde-prozesuari ekin zioten. Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 13an amaitu zen eta ez zen inor aurkeztu. Estuasuna aregotzeko, ekainaren 3rako, ohiko batzar orokorraz gainera, ezohiko batzar bat ere deituta zegoen eta honako hau zen puntuetako bat: 'kluba desegitea, likidatzea eta hori betearazteko prozedura onartzea'. Beraz, historia luzea —1960/61 denboraldian sortu zen— eta masa sozial handia duen kluba desagertzeko arriskuan zegoen.

Zorionez egoera bideratzeko egin den sukaldeko lanak fruituak eman ditu. Joan zen asteko ostegunean, klubeko jokalari federatuak, euren gurasoak eta entrenatzaileak deituta zeuden batzar bat egin zuten Landako kiroldegian. Egoera zein zen azaldu eta gaia eztabaidatu zuten. "Orduan, lagun talde batek interesa erakutsi zuen gehiago jakiteko eta gaia begiratzeko", gogoratu du Mendibek. Lehenengo pauso bat zen. Harrezkero, proiektua gorpuzten joan da apurka-apurka gaurko egoerara heldu arte: 14 bat laguneko talde bat prest dago klubeko zuzendaritza hartzeko.

Ezohiko batzarra, atzeratu

Ondorioz, ekainaren 3an urteko batzar orokorra egingo dute kontuen balantzea egiteko, baina ezohiko batzarra "atzeratu" egingo dute, zuzendaritza berriak gauzak prestatzeko denbora gehiago izan dezan.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!