Durango eta Elorrio bonbardatu zituztela 84 urte betetzen dira gaur

Anboto 2021ko mar. 31a, 08:00

84 urte betetzen dira gaur faxistek Durango bonbardatu eta 336 pertsona hil zituztenetik. Gerra hegazkin italiarrek 281 bonba jaurti zituzten hiria suntsituz. Bidean Elorrio ere bondartu zuten, eta zazpi pertsona hil ziren. 1937ko martxoaren 31 egun beltza izan zen Durangon eta Elorrion. Bonbardaketan hildakoei omenaldia egingo diete Durangoko Andra Mari elizpean, 20:00etan. Elorrion, plaka bat jarriko dute hildakoak gogoan hartzeko, 19:00etan.

Durangon bonbardatu zuten 84. urteurrena gogoratzeko hainbat ekitaldi izango dira, gaur, Durangoko Udalak eta herriko zenbat elkartek antolatuta. Andra Mariko kanpandorretik 1. aire-erasoaren alarma hotsa jota abiatuko dituzte urteurren latz hori gogoratzeko ekitaldiak. Era berean, Andra Mari elizpean biktimen omenez sua piztuta egongo da, 10:00etatik 19:00etara.

Ikasleek Martxoak 31ri eta giza eskubideei buruzko gogoetak batuz landutako bideo-muntaia egongo da ikusgai Andra Mari elizpean, 12:00etatik 19:00etara. Gainera, ikasleek bonbardaketaren zein gaur egun munduan dauden gatazken gainean egindako gogoetak jaso dituzte paneletan, eta hori ere Andra Mari elizpean ikusi ahalko dira gaur egun osoan zehar. 2. aire-erasoaren alarma hotsa entzungo da, 17:45ean, Andra Mariko kanpandorretik.

Bonbardaketan hildakoei Oroimen Ekitaldia

Gerediaga elkartearen eskutik bondardaketan hil zirenei oroimen ekitaldia egingo diete, 20:00etan, Andra Mari elizpean. Ekitaldian Josefi Izacelayak lore eskaintza egingo du bondardaketako testigu moduan. Ondoren, Kriskitin Dantza Taldeak saioa eskainiko du. Horrez gain, bonbardaketako lekukoen testingantzak jasotzen dituen bideoa ikusgai egongo da elizpean egun osoan zehar. Durango 1936 Kultur Elkarteak jasotako testigantzak dira. 

Ekimenean parte hartzeko aurretik eman behar da izena gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikoan edo 94 681 80 66 telefonoa.

Elorrioko bonbardaketa gogoan

Elorrioko Udalak Lamunarrieta elkarteagaz batera, Elorrioko bonbardaketan hildakoak gogoratuko ditu gaur. Memoria historikoa berreskuratzeko eginiko muralaren ondoan plaka bat ipiniko dute. Ekitaldia 19:00etan hasiko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!