Ikasleek landutako bideo batek Martxoaren 31ri eta giza eskubideei buruzko gogoetak batuko ditu

Joseba Derteano 2021ko mar. 18a, 13:37
Kurutzesantu Museoan egindako aurkezpeneko irudia.

Bideo lan hori nahiz askotariko hausnarketa-panelak Andra Mariko elizpean egongo dira ikusgai  martxoaren 31n, 12:00etatik 19:00etara. Durangoko bonbardaketako urteurrenaren harira antolatutako ekimen bat da.

Gaur Martxoaren 31ra begirako egitaraua aurkeztu dute. Aurtengo ardatzetako bat transmisioa lantzea da eta ikastetxeekin elkarlana sakondu dute. Horrela, giza eskubideen gaia landu dute ikastetxeetan eta bertatik irtendako hausnarketekin bideo muntaia bat egin dute. Horrez gainera, ikasleek bonbardaketaren zein gaur egun munduan dauden gatazken gainean egindako gogoetak paneletan jaso dituzte. Material guztia martxoaren 31n egun osoan zehar ikusi ahalko da, Andra Mariko elizpean.

Ikasleen artean transmisioa lantzea helburu duten beste ekimen bi Book Trailer lehiaketa eta irrati tailerra dira. Tailerra martxoaren 23an, 10:00etan, izango da San Agustin Kultur Gunean. Book Trailer lehiaketaren sari banaketa, berriz, apirilaren 17an egingo dute toki berean.

'Anzola, euskal Robert Capa' erakusketa

Martxoaren 28tik 30era, Jose Maria Anzolaren figura balioan jartzeko erakusketa bat antolatuko dute Arte eta Historia Museoan. Anzolak Durangoko bonbardaketaren eta gerora eman ziren aire erosoen argazkiak atera zituen. Orain arte, argazki horiek elkarteen edo artxibategien izenekin sinatzen ziren, baina oraingoan bere sinadura eramango dute. Bilbotarra jaiotzez, Gerra Zibilean Otxandiano batailoiko gudaria izan zen Anzola, besteak beste. Ondoren, Bigarren Mundu Gerran, inteligentzia amerikarreko espioitza lanetan aritu zen.

Anzolaren familiari eta Iñaki Anasagasti Fundazioari  esker antolatu dute erakusketa.

Hitzaldia, martxoaren 30ean

Martxoaren 30ean, 19:00etan, 'Conflictos armados y control de los recursos naturales' izeneko hitzaldia eskainiko du soziologian doktorea den Guillermo Otanok Landako Elkartegian. Parte hartzeko izena aurretik eman beharra dago landakosotoak@durango.eus helbidean.

Bonbardaketan hildakoei Oroimen Ekitaldia

Urtero lez, bondardaketan hil zirenei oroimen ekitaldia egingo diete martxoaren 31n. Gerediaga Elkartetik aurreratu dutenez, aurten ordua aldatu dute eta 19:30ean izango da, Andra Mariko elizpean.

Ekitaldian Josefi Izacelayak lore eskaintza egingo du bondardaketako testigu moduan. Ondoren, Kriskitin Dantza Taldeak saioa eskainiko du. Horrez gainera, bonbardaketako lekukoen testingantzak jasotzen dituen bideoa ikusgai egongo da elizpean egun osoan zehar. Durango 1936 Kultur Elkarteak jasotako testigantzak dira. 

Ekimenean parte hartzeko aurretik eman behar da izena gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikoan edo 94 681 80 66 telefonoan.

Memoria historikoa "ardatzetako bat"

"Memoria historikoa Gobernu Talde honen ardatzetako bat da", azaldu du Ima Garrastatxu alkateak gaurko prentsaurrekoan. "Baina ez bondardaketarena bakarrik, baita osteko errepresioarena ere", gehitu du. Julias Rios alkateordeak memoria historikoa lantzen diharduten taldeen, elkarteen eta kolektiboen lana goraipatu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!