Durango 1936: "Bada unea herritarrek hasierako auzia bultzatu genuen herriko taldeek eta udaleko taldeek hausnarketa egiteko eta aukerak aztertzeko"

Durango 1936 Kultur Elkartea 2021ko mar. 30a, 20:51

Durangoko bonbardaketaren inguruan, 2019an udalak jarritako auziari Espainiako justiziak bidea itxi zion. Hala ere, Durango 1936 Kultur Elkarteak dioenez, beste auzibide batek "Europako justiziarako bidea zabal dezake". Elkarteak idatzi honetan landu du gaia.

Genozidioaren 84. urteurrenean 

Durangok 1937ko martxoaren 31n, apirilaren 2an eta 4an jasan zituen bonbaketak 80 urte betetzen zirela eta, 2017an Durangoko Udalbatzarrak batzorde zabala eratu zuen durangarrek bizi izandakoa genozidioa gogorarazteko: 300etik gora hildako, makina bat zauritu, herria txikituta eta milaka durangar ikaratuta eta herritik alde egiteko bidean.

Batzorde horretan Durangoko Alkateak Durangoko epaitegian bonbaketen egileen aurkako auzia jartzea erabaki zen aho batez. Horretarako, ikerketa burutu eta hegazkinetako pilotuak eta tripulazioko kide gehienak identifikatu ziren, italiar aire armadakoak denak.

Helburua gure justizia sistemak genozidioaren egileak eta arduradunak epaitzea izan zen, durangarrentzat egia, justizia eta kalte-ordaina aldarrikatuz. Belaunaldi gazteei gertatutakoa ezagutaraztea ere bazuen ekimenak helburutzat. 

2017ko uztailaren 18an aurkeztu zen auzia, eta auzitegietako bide malkarra hasi zen. Handik 2 egunetara tramitera onartu zuten, baina 2018ko urtarrilaren 11n auzia artxibatu egin zuten. Eta hor hasi zen errekurtsoen eta gorako epaitegietarako bidea. Azkenik, 2019an Alkateak jarritako auziari Espainiako justizia sistemak bidea itxi zion. Nonbait, Durangoko genozidioa, honegatik edo bestegatik, ez da Espainiako Erresumaren justiziari dagokion gaia. Bitxia erabakia! 300 hildakotik gora, ehunka zauritu, Durangoren suntsiketa eta durangarren ikara neurtezina eragindako genozidioa ez da epaitzeko gaia justizia sistemarentzat!

Horrela utziko dugu kontua durangarrok? Ala gaiari berriro helduko diogu eta genozidio hau epaitu dadin berriro ekingo diogu? Izan ere, bada beste bide bat justizia sistemara berriro itzultzeko. Baina horretarako kaltetutako durangarrek (eta ez erakundeek) jarri beharko genuke auzi berria. Aukera honek, Espainiako Erresumaren justiziak bidea itxi arren, Europako justiziarako bidea zabal dezake. Baina aukera hau luzea eta kostu handikoa da, eta auzia jartzen dutenek herri babes handia izan beharko dute.

Bada unea, beraz, herritarrek, hasierako auzia bultzatu genuen herriko taldeek eta udaleko taldeek hausnarketa egiteko eta aukerak aztertzeko.

Durango 1936 Kultur Elkartea

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!