Elorrioko bonbardaketan hildakoak gogoratzeko plaka ipiniko dute

Anboto 2021ko mar. 29a, 11:00

Elorrioko Udalak Lamunarrieta elkarteagaz batera, Elorrioko bonbardaketan hildakoak gogoratuko ditu martxoaren 31n. Memoria historikoa berreskuratzeko eginiko muralaren ondoan plaka bat ipiniko dute. Ekitaldia 19:00etan hasiko da.

1937ko martxoaren 31n, Soriatik abiatu zen Aviazone Legionaria hegazkinen 213 eskuadrilak guztira 158 bonba bota zituen, 5.300 kilo bonba lehergarri eta 560 kilo bonba su-eragile, gogoratu dutenez. “84 urte igaro dira biztanleria zibilaren kontrako gertaera ilun eta mingarri hartatik, eta erakunde publiko moduan dugun betebeharra, gertatu zena ezagutarazteko pausuak ematen jarraitzea da, eta, 2019an inauguratu genuen horma-irudiak dioen bezala, eurena da memoriaren eskubidea eta gogoratzea gure betebeharra. Ekitaldia iaz genuen aurreikusita, baina pandemia dela eta atzeratu egin behar izan genuen”, aitortu du Maria Herrero alkateordeak.

Durangogaz batera bonbardatu zuten Elorrio, 08:30ean. Erasoaldi bateratua izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!