Mende erdi pasa da. Zelan gogoratzen dituzu sasoi haiek?
Josefi Izacelaya: Sasoi gogorrak izan ziren, baina, ilusio handikoak. Senarrak 13 urte egin zituen Ameriketan artzain, eta hara joateko pasaportea ere atera nuen arren, azkenean, taberna zabaldu genuen. Ingelesik jakin barik, eskola askorik ere ez, Ameriketan triste biziko nintzela esaten nion; arrebetariko bik ere taberna zuten, eta guk ere bizimodua aurrera aterako genuela esaten nion. Gizon zintzoa, argia eta itxura onekoa izanik, primeran arituko zela tabernan, eta nik berba egingo nuela jendeagaz. Arrebek lagundu eta erakutsi ziguten tabernan lan egiten. Zabaldu genuenean, sekulakoa izan zen!
Bestelako sasoiak ziren...
J.I.: Ordura arte, neska gazteak ez ziren tabernetara sartzen; andra-gizonak, edo senargaiagaz sartzen ziren. Gure Kabiya kafetegi berria zabaldu zela, euskaldunak ginela... bolo-bolo zabaldu zen. Orduan baino ez ziren hasi andrak sartzen.
Bezeroa asko aldatu da. Txikitotik kriantzara pasatu gara?
Oihane Alacano: Ohiturak asko aldatu dira. Urte asko ez dela, arratsaldeko poteoan irten, eta afalostean parrandan jarraitzen genuen. Orain, lokaletan egoten dira gazte asko, eta berandu irteten dira, 01:00ak aldean. Txikiteroaren figura galduko delakoan nago. Orain, bezeroak kriantza edo rueda eskatzen du, bai.
J.I.: Txikitoa hartzen zen lehen; 90 zentimoan. Gero, pezetara igo genuen eta manifestazioa ere egin zuten txikiteroek. Tabernagaz hasi ginenean, koinatak andrak zaintzeko esaten zigun; kopa berdeetan ateratzen genien edatekoa.
O.A.:Orain ez dituzte 15-20na ardo hartzen; lau-bosna baino ez.
Durangoko Azoka ere orduantxe egin zuten lehenengoz?
J.I.: Bai. Inork ez zekien nola joango zen, Franco bizi zen artean. Arrakasta itzela izan zuen. Euskal Herri osoko jendea etorri zen, Iparraldetik ere bai. Idazleak ere sartzen ziren; Xabier Lete, adibidez. Tabernaren dekorazioa ere oso euskalduna zen: Leopoldo Zugazaren eta Ibarrolaren koadroak genituen, eta Iparraldeko ‘Txoritxu nora hoa...’ bertsoen grabatuak arreta deitzen zuen; euskal abestiak zituen gramolak ere bai. Gazte asko etortzen zen; mendizaleak Atxartetik bueltan.
Haurdun zeunden orduan, sei hileko, eta sanfaustoak bertan.
J.I.: Bai. Ezkatzean nuen butakan egiten nuen lo. Senarra eta biok egoten ginen tabernan, eta Rosarito, gaztetako lagun handia. Etxekoa zen Tiatxarito.
Orain, Gure Kabiya ikusita, zer datorkizu gogora, Josefi?
J.I.: Bihotzak buelta ematen dit. Oraindik ere, egunero etortzen naiz tabernara, egun onak ematera. Eta jarraituko dut. Zorte handia izan dut tabernagaz; oso zoriontsua izan naiz, estropezuren bat edo beste izan arren. Asko dut eskertzeko zerbitzariei —etxekoak lez izan dira beti—, guk itxita taberna hartu duten maizterrei, eta, nola ez, bezeroei.
Asko aldatu da Goienkale...
O.A.: Asko. Taberna gehiago zabaldu dira. Baina, giroa ere aldatu da. Sasoi batean, egun guztian zehar mantentzen zen giroa; goizetan jente asko zebilen. Orain, gauez batzen da jendea. Asko aldatu dira ohiturak. Egoera ekonomikoa ere ez da ona.
Famatuak ziren Gure Kabiyako tortillak. Orain, berriz, rabak…
J.I: Banderillak egiten genituen, piloa! Orain ere askotan esaten didate: zelako tortillak zuonak! Goseagaz etortzen zirela esaten diet, eta, orduan, ba, dena ona! (barrez). Orduko tortilletatik 30 urte ere igaro dira, baina askotan gogoratzen dizkidate tortillok, plazara joaten naizenean, adibidez.
O.A.: Holan da bai. Aurretik taberna zeroatenek esan ziguten bai, “ia berdin ipintzen dituzuen rabak...”. Hobetu egin ditugu! (barrez). Asteburuan, batez beste, 120 errazio ateratzen ditugu.
Inoiz itxi da Gure Kabiya?
J.I.: Lehergailua jarri zutenean, 1975eko maiatzaren 13an. Dena berriztu behar izan genuen, barra libratu zen —oraindik dagoena—. Aurretik ere etorria zen polizia, kaleko jantzita, arazoak izango genituela esanez (musika euskaraz jartzen genuelako, komunetan zeuden idatziengatik...). Etxean gengozen. Sasoi gogorrak ziren, eta bildur ginen. Hala ere, kontrako efektua eragin zuten. Jende asko hurreratu zen tabernara. Laguntza handia eman ziguten.
Ostalaritzan ez dira sasoi onak.
O.A.: Lehen lan gehiago egiten zen, bai. Uste dut, orain, bakoitza berera doala gehiago. Egoera aldatu guran, orain urtebete, Sapuherri sustapen elkartea sortu genuen, denon artean jendea berriz kalera atera guran.
Jaietan murgilduta zaudete.
O.A.: Bai, umeentzako ekintzak, paella eta tortilla txapelketak, eta kontzertuak antolatu ditugu.