Eremu gorrira itzuli da Durango eta ostalaritzak ateak itxi beharko ditu berriro ere

Maialen Zuazubiskar 2021ko urt. 15a, 12:30

51 PCR positibo detektatu zituzten atzo Durangaldean. Horietako 20 Durangon, 18 Zornotzan, hiruna Elorrion eta Zaldibarren, bina Berrizen, Iurretan eta Otxandion eta bat Abadiñon. Pandemiaren egoera okerrera egiten ari dela eta, Jaurlaritzak etxeratze agindua aurreratzea gura du.

Astelehenetik eremu gorrian dago Zornotza eta ostalaritza itxi dute. Gaurtik gainera perimetralki itxita dago. Zornotzako intzidentzia tasa honako hau da: 881,29.

Gaur, berriz, Durangok bide bera hartu du, eremu gorrira pasa da. Atzo muga-mugan zegoen 490,56ko intzidentzia tasarekin eta gaur 500eko langa gainditu du: 534,24ra iritsi da. Durangok Jaurlaritzak agintzen duenean itxi beharko du ostalaritza. Aste honetan astelehen eta eguenean eman izan ditu aginduak.

EAEn, 13.224 (PCRak eta antigenoak kontuan hartuta) proba egin ziren atzo, eta horietatik 760 positiboak izan ziren: 412 Bizkaian, 239 Gipuzkoan eta 100 Araban. Gainontzeko positiboak, 9, EAEtik kanpo bizi diren pertsonenak dira. 

Ospitaleetan, berriz, 50  lagun ingresatu zituzten atzo eta ZIUn 84 pertsona daude, atzo baino hiru gehiago.

Semaforoen sistema
Osasun Sailak semaforo baten antzeko sistema darabil herrikako egoeraren berri emateko. Eremu horia, laranja eta gorria erabiltzen ditu. Irizpidea ezartzerako orduan, 5.000 biztanletik beherako herrietan, azken 14 egunetako inzidentziak hartzen dituzte kontutan. Horren arabera, 100.000 biztanleko 499 kutsatu baino gehiago dituzten herriak eremu gorrian kokatzen dira. 300 eta 499 bitartekoak, eremu laranjan. Hortik beherakoak, eremu horian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!