Atzo 29 positibo detektatu zituzten Durangon eta eremu gorrira pasatzear dago

Anboto 2021ko urt. 14a, 12:39

61 PCR positibo detektatu zituzten atzo Durangaldean. Horietako 29 Durangon, 19 Zornotzan, hiruna Berrizen, Elorrion eta Otxandion, 2 Zaldibarren eta bana Abadiñon eta Iurretan. 

Astelehenetik eremu gorrian dago Zornotza eta ostalaritza itxi dute. Harrezkero intzidentzia tasak gora egin du: astelehenean 570,24koa zen eta gaur 803koa.

Durango, berriz, eremu gorrira pasatzear dago. Gaur 490,56koa da intzidentzia tasa. Azkenengo egunetan eman den goranzko joerak (astelehenean 336, martitzenean 366,24 eta eguazteanean 403,20) jarraitzen badu bihar bertan eremu gorrira pasa daiteke Durango.

EAEn, 13.021 (PCRak eta antigenoak kontuan hartuta) proba egin ziren atzo, eta horietatik 771 positiboak izan ziren: 428 Bizkaian, 209 Gipuzkoan eta 119 Araban. Gainontzeko positiboak, 15, EAEtik kanpo bizi diren pertsonenak dira. 

Ospitaleetan, berriz, 74  lagun ingresatu zituzten atzo eta ZIUn 83 pertsona daude, atzo baino hiru gehiago.

Semaforoen sistema
Osasun Sailak semaforo baten antzeko sistema darabil herrikako egoeraren berri emateko. Eremu horia, laranja eta gorria erabiltzen ditu. Irizpidea ezartzerako orduan, 5.000 biztanletik beherako herrietan, azken 14 egunetako inzidentziak hartzen dituzte kontutan. Horren arabera, 100.000 biztanleko 499 kutsatu baino gehiago dituzten herriak eremu gorrian kokatzen dira. 300 eta 499 bitartekoak, eremu laranjan. Hortik beherakoak, eremu horian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!