Etxeratze agindua aurreratzea gura du Jaurlaritzak

Anboto 2021ko urt. 15a, 12:20

Eusko Jaurlaritzari etxeratze agindua aurreratzea gustatuko litzaiokeela adierazi du Bingen Zupiria bozeramaileak, Naiz irratiari eskainitako elkarrizketan. Iñigo Urkullu lehendakariari etxeratzea "20:00etara edo 18:00etara" aurreratzeko aukera edukitzea gustatuko litzaiokeela adierazi du Zupiriak.

Naiz irratiari eskainitako elkarrizketa batean, honako hau esan du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak: "Guk uste dugu Autonomia Erkidegoan hartu ditugun neurriak oso gogorrak izan direla hasieratik. Oraindik [neurri] gehiago hartu behar badira, badago zer erabaki, eta badira hartu daitezkeen beste hainbat neurri. Prozesu honetan zehar, Lehendakariak bizpahiru aldiz eskatu dio Sanchez presidenteari etxeratze ordutegia aldatzeko aukera. Frantzian egin duten bezala, Lehendakariak nahiko luke etxeratze ordutegi hori 22:00etan ezarri beharrean, 20:00etara edo 18:00etara aldatzeko aukera izatea. Lehendakariak uste du hori izan daitekeela hartu ahal den beste neurri bat. Batzuk proposatzen duten erabateko itxialdi horretara iritsi aurretik, Lehendakariak uste du badirela hartu daitezkeen beste neurri batzuk. Hori izan daiteke bat. Etxeratze aginduaren ordutegia aldatzea eta pixka bat estutzea". 

Txertoari buruz

Adituen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txertaketa beharrezkoa baino erritmo motelagoa izaten ari da. Horren aurrean honakoa esan du Zupiriak. "Txertoa beste erremediorik ez dagoenez gero, behar-beharrezkoa da txertatze prozesuak indartzea, azkartzea eta areagotzea. Txerto gehiago ipintzea baldindatzen duen elementu nagusia da merkatuan ez dagoela behar beste txerto. Produkzio fase batean daude eta pixkanaka joango dira egiten eta iristen. Zenbat eta marka bakoitzetik txerto-ale gehiago egon, prozesua errazagoa izango da. Osakidetzako arduradunen ustez, prozesu hori mailaka egin behar da". Domekatik aurrera txertaketaren erritmoa nabarmen handituko dela adierazi du Zupiriak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!