Sasoirik onenetako Oier Ariznabarretak Kanpezu-Ioar mendi lasterketako errekorra hobetu du

Joseba Derteano 2019ko mai. 6a, 09:11
Oier Ariznabarreta Kanpezu-Ioar proban, Santiago Mezquita eta Asier Larruzearekin. (Argazkia: Facebook: Oier Ariznabarreta)

Garaipenen zakua loditzen darrai aurtengo denboraldian. Hurrengo hitzordu nagusia Espainiako txapelketa izango du.

"Daramadan denboraldiagaz ezin naiz pozago egon", adierazi du sare sozialetan Oier Ariznabarretak eta ez da gutxiagorako. Maila handian ari da aurten. Atzo Espainiako Koparako puntuagarria den Kanpezu-Ioar mendi lasterketa irabazi eta Jan Margarit-ek iaztik zeukan errekorra hobetu zuen. Hasieratik erritmo bizia markatu eta aurkariek ezin izan zioten jarraitu. Ibilbidea 2 ordu eta 17 minututan osatu zuen.

Garaipenak eta errekorrak

Aurten sasoi betean dago korrikalari durangarra. Urtarrilean Bizkaiko kros txapelketan zilarrezko domina irabaziz hasi zuen urtea. Ondoren, bere ibilbideko lehenengo maratoian egindako lanagaz oso gustura geratu zen.

Harrezkero bost lasterketa irabazi ditu: Sarako mendi lasterketa, Berako mendi lasterketa, Aiako mendi lasterketa, Senpereko mendi lasterketa eta Kanpezu-Ioar lasterketa. Azkenengo hiruretan (Aia, Senpere eta Kanpezu) probako errekor berriak ezarri ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!