Irene Loizatek eta Dabid Garciak irabazi dute Bizkaiko kros txapelketa

Joseba Derteano 2019ko urt. 20a, 15:24

Irenek estreinako urtea zuen seniorretan. Garciak hirugarren txapela du Bizkaikoan.

Faboritoen artean zeuden eta ez dute hutsik egin. Irene Loizate eta Dabid Garcia durangarrek irabazi dute Berrizen lehiatu den 95. Bizkaiko Kros Txapelketa.

Emakumeetan Loizatek erakustaldia eman du. Ikustekoa izan da bere erritmoa. Hasieratik bertatik ihes egin du eta inork ez dio usainik hartu. Natalia Gomez iazko irabazlea 48 segundo geroago helmugaratu da. Gurutze Frades iurretarrak osatu du podiuma. Hirurak Bilbao Atletismo Santutxu taldean dabiltza. Garazi Sampedrok (Durango Kirol Taldea) bederatzigarren amaitu du. 

Gizonetan Garciak indarrak neurtu ditu lehenengo itzulian eta bigarrenean egin du aurrera. Durango Kirol Taldeko (DKT) Oier Ariznabarretak eta Ibon San Miguelek osatu dute podiuma. DKTk taldekako sailkapena irabazi du.

Mutilen juniorretan Gontzal Murgoitio (DKT) izan da onena. Nesken juniorretan Bidezabalek taldekako sailkapena irabazi du, besteak beste, Eider Cuberoren (bosgarren) eta Oihane Irustaren (seigarren) lanari esker.

Nesken gazte mailako talderik onena ere Bidezabalek dauka. Bizkaiko bigarren eta hirugarren geratu dira Itsaso Atutxa eta Irene Costa. talde bereko Andrea Hernandezek bosgarren amaitu du. Mutilen gazte mailan hamar onenetan geratu dira Durangaldea Running taldeko Jonan Bilbao (bosgarren), Ion Cabada (zortzigarren) eta Mario Cruz (hamargarren).

Kadeteetan DKT taldeko Izaro Aranburu izan da onena. Bosgarren geratu da Urtza Agirre taldekidea eta hamargarren Bidezabaleko Ane Hernandez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!