Durangoko Kulturala Hirugarren Mailara jaitsi da

Anboto 2019ko mai. 4a, 18:28

Real Unionek 2-0 irabazi du bere partidua eta gainera Durangoko taldeak 0-3 galdu du etxean Leioaren aurka.

Tabiran lehenengo zatia amaitu denerako Bigarren B Mailari eusteko aukera denak agortuta zeuden Real Unionek 2-0 irabazi duelako Durangokoa baino ordu eta erdi arinago hasi den partidua.

Une horretan Leioa 0-1 irabazten ari zen Tabiran. Aldageletatik bueltan Kulturaleko jokalariek eginahalak egin dituzte markagailuari buelta emateko. Borondatea ez dago kolokan jartzerik. Aurrean presionatu dute eta behin eta berriro saiatu dira, baina ideia argi barik, bihotzarekin gehiago. Indarrak agortzen joan diren heinean Leioak espazio gehiago aurkitu ditu. 70. eta 84. minutuan sartutako beste bi golekin itxi du partidua.

Zigor handiegia izan da zelaian ikusi denerako. Baina horixe du Bigarren B Mailak. Aurkariek ez dute barkatzen. Etxeko jokalari askorekin eta aurrekontu apalarekin osatutako klubarentzat sekulako erronka zen mailari eustea eta azkenean ezin izan du lortu. Horrela ulertu dute zaleek ere eta txaloekin agurtu dituzte jokalariak.

Urtebete iraun du durangarren ametsak, iaz lortu baitzuten igoera. Liga amaitzeko geratzen diren partidu bietan ahalik itxurarik txukunena eskaintzea izango da helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!