“Pisu handia kendu dugu gainetik”

Joseba Derteano 2018ko aza. 4a, 10:30

Durangoko Kulturalaren lehenengo garaipena hamargarren jardunaldian heldu da. Sporting B taldeari 2-1 irabazi zioten eta goletako bat Jon Galarza (Abadiño, 1993) zentralak sartu zuen. Bigarren B Mailako azken postuan jarraitzen dute, baina garaipenak animikoki indarrak hartzeko balio izan diela onartu du.

Aurreko partiduekin alderatuta, zer egin zenuten edo irten zen desberdin garaipena lortzeko?
Oso partidu serioa jokatu genuen. Beste partiduekin konparatuta, ordenatuago eta oldarkorrago ikusi nuen taldea. Iker Amorrortuk sartu zuen lehenengo gola. Ondoren, 89. minutuan, neuk sartu nuen bigarrena, baina handik minutu batera aldea murriztu ziguten. Apur bat sufritzea egokitu zitzaigun.

Lehenengo garaipenak hiru puntu baino gehiago suposatzen du?
Pisu handia kendu dugu gainetik. Bederatzi partidutan bat bera ere ez irabaztea gogorra da. Horrek, nahitaez, konfiantzan eragiten dizu. Irabaztea behar genuen eta konfiantza emango digula uste dut.

Gol denek ez dute balio berdina. Joan zen asteburuan sartu zenuena baliotsuen zakuan gordeko duzu?
Bai. Taldeak hiru puntuak batzeko balio izan zuelako eta garaipen hori behar genuelako. Gainera, Bigarren B Mailan sartu dudan lehenengo gola izan da. Behar nuen eta alde horretatik ere pozik nago.

Errematera igotzen den defentsa horietakoa zara?
Faltetan eta kornerretan gustatzen zait igotzea. Iaz ez nuen golik sartu, baina aurreko denboraldietan sartu izan ditut, gehienak buruz.  

Zein da zure markarik onena?
2013/2014 denboraldian zazpi gol sartu nituen Durangoko Kulturalagaz.

Zelakoa den futbola. Sporting B taldea liderrari 3-1 irabaztetik zetorren Durangora.
Horrek erakusten du Bigarren B Mailan edonoren kontra irabazi edo galdu dezakezula. Ezin zaitezke une batean ere erlaxatu.

Kulturalaren mendeurreneko denboraldia da. Hori presio erantsi bat da? Urteurreneko denboraldian jaisteko arriskua…
Ez, horrek ez digu inongo presiorik sortzen. Mendeurrena ospatzeko den zerbait da, baina gu geurean zentratuta gaude.

Apustu etxeren batean Kulturala jaitsi egingo dela apustu egin duenari zer esango zenioke?
Ez duela apustu ona egin! Ez dut uste jaitsiko garenik.

Egidazu taldearen orain arteko erradiografia. Zeintzuk izan dira indarguneak eta zeintzuk ahulguneak?
Indarguneetan taldean familia bat garela eta gure artean oso ondo konpontzen garela sartuko nuke. Ez da talde denetan gertatzen. Horregaz batera, estilo propio bat daukagula esango nuke, urte askoan landu dugun estiloa. Talde langilea eta umila dela ere gehituko nuke. Ahulguneen artean, batzuetan oldarkorragoak izan behar dugula uste dut, eta taldea elkartuago egon behar dela. Batzuetan, lerroen artean distantzia handiegiak egon dira eta despistatu egin gara. Akatsak garesti ordaindu ditugu. Azkenik, esango nuke une batzuetan erabaki zuzenak hartzea falta izan zaigula, atzean, erdian, zein aurrean. Baina arazo horiek identifikatuta ditugu eta badakigu hobetu ditzakegula.

Aurretik Bigarren B Mailan ibili diren jokalari asko daude taldean ala esperientzia berria izaten ari da gehienentzat?
Gehienentzat berria da. Ni iaz eta Jon Aranda aurretik, Amorebieta taldean ibiliak gara. Ekaitz Molinak eta Adrian Abasolok ere badute esperientzia Leioa taldeagaz. Gainera, Abasolo Kulturalagaz Bigarren B Mailan jokatutakoa da, aurrerago igo zen denboraldian. Beste denak Hirugarren Mailatik igotakoak dira eta kategoriara ohitzeak denbora eskatzen du. Esperientzia falta hori pairatu dugu.

Iaz Amorebietan jokatu zenuen. Zelako denboraldia izan zen?
Gehiago jokatzea espero nuen. Lehenengo itzulian hiru partidu jokatu nituen titular. Bigarren itzulian nahikotxo jokatu nuen, baina ez atzelari, erdilari postuan baino.

Baina itzultzea erabaki zenuen.
Kulturala igo egin zen eta ona bueltatzeko aukera sortu zitzaidan. Bizitza guztia hemen egin dut, nire etxea da, jokalari denak ezagutzen ditut eta itzultzea erabaki nuen.

Kulturaletik kanpora eman duzun urte bakarra izan da?
Bai, txiki-txikitatik Kulturalean egon naiz. Behin irtengo, urtebeterako, eta orduantxe Bigarren B Mailara igo ziren.

Pena ematen dizu igoera hori bizi ez izanak?
Apurtxo bat bai, baina hartu ditudan erabakiak ez nituzke aldatuko. Neu nintzen Kulturala igotzeko desioa nuen aurrenekoa!

Bromaren batzuk entzun beharko zenituen…
Bai, "zu joan zarelako igo gara" eta antzerakoak (barreak).

Aurten gustura zabiltza?
Bai, giroagaz oso gustura. Zoritxarrez, lesio bi izan ditut. Azkena, belauneko lotailuko zaintiratua. Sei astez bajan egon eta oraintsu itzuli naiz. Lesioa gaindituta dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!