June Arbeo Espainiako kroslari onena 20 urtez azpikoan

Joseba Derteano 2018ko urt. 29a, 12:30

Asteburuan Donostiako Nazioarteko Krosean gailenduta, Kros Antolatzaileen Espainiako Elkartearen (ANOC) sailkapena irabazi du.

June Arbeo durangarrak (Durangaldea Running) goi mailako kros denboraldia osatu du eta 20 urtez azpikoan ez du parekorik izan. Zornotzan, Elgoibarren eta asteburu honetan Donostian onena izan da. Lasterketa horietan batutako puntuek bere adin tartean ANOC-en sailkapena irabazteko balio izan diote.

Ondo merezitako saria da eta apirilean Elgoibarren egingo den ekitaldian jasoko du. Estatuko kroslari onenak batuko dira bertan.

Donostian, Garazi Zuazua bigarren

June Arbeoz gainera, eskualdeko hainbat korrikalari nabarmendu ziren atzo Donostiako 63. Nazioarteko Krosean. Garazi Zuazua durangarrak (Bidezabal) bigarren amaitu zuen 18 urtez azpiko mailan. Bere ahizpa Uxue laugarren sailkatu zen 20 urtera artekoan. Laugarren amaitu zuen Deportivo Zornotza taldeko Aitor Artarazek ere 20 urtez azpiko gizonetan. Azkenik, 16 urtez azpikoan hamar onenen artean sailkatzea lortu zuen Andrea Hernandezek (Bidezabal).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!