“Aurten oso indartsu nago psikologikoki, eta horri esker emaitza onak lortzen nabil”

Maialen Zuazubiskar 2018ko urt. 28a, 11:00

June Arbeo Durangaldea Running taldeko korrikalaria maila izugarria ari da ematen aurtengo denboraldian. Joan zen asteburuan, esaterako, Berrizen jokatutako Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen.

Nola joan zen lasterketa?
Lasterketara nahiko kantsatuta heldu nintzen arren, banekien lasterketa irabazteko aukerak nituela. Orduan, lasterketako ardura neuk ez hartzea erabaki nuen. Lasterketa osoan zehar nahiko eroso joan nintzen eta Maria Ruizek, bigarren sailkatuak, lasterketa gogortu zuenean, bere erritmoari eustea lortu eta azken kilometroan bakarrik aurrera egitea lortu nuen.

Azken asteotan maila izugarria ematen ari zara. Zornotzako nazioarteko krosa irabazi zenuen eta Elgoibarko nazioarteko krosean laugarren amaitu zenuen.
Banekien aurten denboraldi ona egin nezakeela eta, Zornotzan, esaterako, lasterketa irabazteko aukera handiak nituela. Baina Elgoibarko nazioarteko krosean hain aurrean ibiltzea eta korrikalari onei irabaztea ez nuen espero. Hala ere, egia da zirkuitua oso lokaztuta zegoela, eta hori niretzat onuragarria zen.

Zirkuitu gogor eta lokaztuak dira zure dohainetara ondoen egokitzen direnak?
Egia esan, bai. Lokatza dagoenean, erritmoa ez da oso altua izaten, eta niretzat hori ona da. Gainera, zirkuitu lokaztuetan indarra behar izaten da azkar mugitu ahal izateko, eta horrelako zirkuituetan ondo moldatzen naiz.

Nola zaude aurtengo denboraldian?
Aurten oso indartsu nago psikologikoki, eta horri esker emaitza onak lortzen nabil. Gainera, duela urte batzuk ez bezala, lasterketa eta entrenamenduak ez ditut jolas moduan hartzen.

Zeintzuk dira begiz jota dituzun hurrengo helburuak?
Otsail hasieran Euskadiko txapelketa daukagu, eta lasterketa ona egin eta garaipenaren lehian ibiltzea gura neuke. Zenbait korrikalarik maila paretsua daukagu, eta lasterketa borrokatua izango da. Bestalde, Espainiako txapelketan ere aurrean ibiltzea gura nuke, lehenengoen artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!