“25.000 biztanletik gorako herrietan, Durango da kaleko erabilera %20 baino altuagoa duen bakarra”

Jone Guenetxea 2017ko abe. 16a, 10:30

Asier Basurto Arruti

Soziolinguista Klusterreko Asier Basurto Arruti ikerlaria izan da Durangoko euskararen kale erabileraren neurketaren arduraduna. Datuak esku artean dituela, ondorioen berri eman du Platerueneko aurkezpenean.

Zein metodologiari jarraitu diozue?
Neurtzaile profesionalak ibiltzen dira kalean, herriko bizitza sozialaren adierazgarri diren ordu eta lekuetan, jendeak darabiltzan hizkuntzen inguruko datuak jasotzen. Neurtzaileek ez dute interferentziarik eragiten, alegia, hiztunari ezer galdetu gabe, norbanakoaren subjektibotasuna albo batera utziz, entzun eta elkarrizketaren hizkuntza jasotzen da, solaskideen adin, sexu eta haurren parte-hartzearen informazioagaz batera. Euskal Herrian bertan sortua da metodologia eta aurreko mendeko 80ko hamarkadatik hona ehunka herritan erabili izan da. Nazioartean ere, badira metodologia hau aplikatzen diharduten ikerlariak.

Zeintzuk dira emaitza orokorrak?
Durangoko kaleetan entzun ditugun elkarrizketetan parte hartzen ari ziren pertsonen %22,7 euskaraz ari zen; %75,4 gaztelaniaz eta %1,9 beste hizkuntza batean. Kalean euskara gehien erabiltzen dutenak haurrak dira (%37,8); ondoren, gazteak (%25,2), jarraian, helduak (18,8) eta, azkenik, euskara gutxien darabiltenak adinekoak dira (%14,5). Belaunaldi gazteenak euskara gehien erabiltzen dutenak izatea positiboki baloratzekoa da. Bestalde, belaunaldi bakoitzean euskarazko gaitasuna duten pertsonen proportzioa zenbatekoa den ere kontuan hartu behar da; gazteagoen artean gehiago dira euskaldunak. Bestalde, emakume eta gizonezkoen hizkuntza-erabilera nahiko antzekoa da, nahiz eta emakumeena zertxobait altuagoa izan. Euskal Herrian ohikoa den joera izaten da. Zonaldeka Alde Zaharra nabarmentzen da euskararen erabilerari dagokionez(%29,6). Ezkurdi-Madalenan eta Ibaizabal-Landakoko inguruetan dezente baxuagoa da euskararen erabilera (%17,8 eta %14,1, hurrenez hurren).

Haur eta nagusiak beraien artean eta taldean nahastuta ere aztertu dituzue. Umeek beraien artean nagusirik barik egiten duten euskara kopurua (haurrak haurrekin %18) datu orokorraren (%22) azpitik dago. Zein irakurketa egiten duzue?
Haurrek euren artean euskara gutxiago darabilte helduekin daudenean baino, bai. Herri askotako emaitzetan agertzen da hori. Kontuan izan behar da, gainera, haurren arteko elkarrizketetan hiztunak euskaldunak izateko aukera handiagoa dela. Sakon aztertu beharreko fenomenoa da, zalantzarik gabe, baina esan daiteke haur askok txiki-txikitatik barneratzen dutela euskara haur-guraso edo haur-nagusi harremanetako hizkuntza moduan, baina gaztelania berdinen arteko harremanetarako hizkuntza moduan. Hizkuntzen erabilerarako irizpide hori heldu asko eta askoren artean guztiz barneratuta dagoela ere jakina da; eta hor bilatu behar zaio, nire iritziz, jatorria.

Durangoren antzeko ezaugarriak dituen herriren bategaz alderatu daitezke datuak?
Normalean, beti egiten ditugu alderaketa horiek ikerketen aurkezpenean, interpretaziorako erreferentzia batzuk ematearren. Kasu honetan, adibidez, Zornotzagaz alderatu dugu, gertutasunagatik, nahiz eta herri txikiagoa izan eta daukagun daturik eguneratuena 2013ko kale neurketakoa izan. Bertan euskaldunen proportzioa %52koa da, eta erabilera, %23koa.

Durangaldeko beste herri batzuetan ere egin dituzue kale neurketak. Alde handia dago batetik bestera?
Durangoko datuak eskualde osoko datuen antzekoak dira. Durangaldean badaude Durango baino euskaldun proportzio altuagoa eta baxuagoa duten herriak eta badaude kalean euskara gehiago eta gutxiago entzuten diren herriak. Esan daiteke eskualde-buru gisa, eskualdearen isla nahiko fidela dela Durangon gertatzen dena.

Euskal Herrian, orokorrean, Durangon bezalako joerak ikusten dira?
Orokorrean, bai; Durangoko ezagutza eta erabilera datuen arteko harremana, adin-taldeen araberako erabilera, sexuen arteko konparaketa edo haurren presentziaren eragina Euskal Herrian ikus daitezkeen joerak dira. Hala ere, badago nabarmentzeko zerbait: biztanle kopurua. Ez dago beste herri bat Euskal Herri osoan Durangoren kale erabilera duena, 28.000 biztanle baino gehiago edukita. Beste hitz batzuetan esanda: 25.000 biztanle baino gehiagoko herrietan Durango da bakarra euskararen kaleko erabilera %20 baino altuagoa duena.

Lehenengoz egin da erabileraren kale neurketa. Mota honetako ikerketek zein balio dute?
Aipatutako ildotik, uste dut Durangok baduela erreferentzialtasun bat eskualdean, Bizkaian eta Euskal Herrian. Datu hauei erreparatuta, baikor izateko seinaleak badaude; baina horiek jende askoren lanaren eta asmatu duten hainbat ekimenen emaitzak dira, ziurrenik. Horregatik, bertan goxo egon gabe, hutsuneak identifikatu, hauek ondo ezagutu eta euskararen erabilera areagotzeko ekimenak etengabe birpentsatu eta bultzatu beharko dira. Ikerketek funtsezko papera jokatzen dute zeregin horretan. Kale neurketak kalearen argazkia ematen digu: herritar ororena den espazioarena, ekitaldi eta gertaera publiko nagusien eszenatokiarena. Herriaren diagnosi orokorra egiteko funtsezko tresna da. Baina, era berean, Durangon aurrerantzean jorratu beharreko lan-ildoak durangarrek erabaki behar dituzte. Ikerlarien lana eta ikerketetatik lortutako ezagutza baliatuz, baina tokiko errealitatean murgilduta egoteak ematen duenetik abiatuta lan egin behar dute bertako euskalgintzak, administrazioak eta herritarrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!