Soziolingustika Klusterrak egindako azterketaren arabera, kalean entzundako hamar solaskidetatik bi izan dira euskarazko elkarrizketetan parte hartu dutenak (% 22,7), eta zazpi gaztelaniaz (% 75,4). Beste hizkuntza batzuetan erabilera % 1,9koa izan da.
Auzoka berriz, Alde Zaharrean (% 29,6) entzun dute euskara gehien; ondoren Ezkurdi–Madalena eremua kokatzen da (% 17,8) eta azkenik, Ibaizabal–Landako eremuan entzun dute euskara gutxien (% 14,1).
Basurtok azaldu duenez, haurrak (2-14 urte bitarte) dira euskara gehien erabiltzen dutenak (% 37,8). Euskara gutxien erabiltzen dutenak, berriz, adinekoak dira (% 14,5). Gazteen erabilera (15-24 urte bitartekoa) % 25,2koa izan da eta helduena (25-64 urte bitartekoa) % 18,8koa.
Ikerketak hizkuntza ohituren inguruko beste datu esanguratsu bat azaleratu du. Haurrak bakarrik (nagusirik gabe) daudenean % 19,7koa da euskarazko erabilera. Nagusiek, euren artean (haurrik gabe) ari direnean, % 14,3tan darabilte euskara. Haurrek eta helduek osatutako taldeetan, berriz, % 42,2ra igotzen da erabilera. Haurrez eta nagusiez osatutako taldeetan, haurra hitz egiten ari bada erabilera altuagoa da (% 48,3), nagusia hitz egiten ari denean baino (% 37,1).