Platerueneko ekitaldian aurkeztutako zein datuk deitu dizu atentzioa?
Umeek euren artean zer gutxi egiten duten euskaraz egin zait deigarri. Nagusiena jakin dut; umeen aurrean, bai, baina euren artean, ez. Baina umeena... Badirudi nagusiok umeen beharra dugula euskaraz berba egiteko, eta umeek nagusiona. Sarritan ez gara konturatzen geu garela umeen ispilua. Bestalde, zonalde batetik bestera dagoen aldeak ere atentzioa deitu dit, ez nuen espero. Alde Zaharretik beste eremuetara 10 puntutik gorako aldea dago.
%22,7koa da euskararen kale erabilera orokorra herrian. Zer iruditzen zaizu?
Datua ikusi, eta hasieran harrituta geratzen zara; hotzean ikusita, tristea da. Baina datu guztiak ikusita, eta antzeko tamainako herriekin alderatuta hobeak direla ikusita, bada, ez dakit... Konparaketak higuingarriak omen dira, baina horregaz funtzionatzen dugu. Durangon aurreko daturik ez dugunez, interesgarria litzateke hemendik bost edo hamar urtera jarraipena egitea, eboluziorik badagoen ikusteko.
Zertan hobetu daiteke, zure ustez, Durangon euskararen erabilera handitzeko?
Ikasketa maila edo tituluak lortzera bideratuta daude gaur egungo laguntzak. Gainera, ikasleen kezka nagusia ere mailak lortzea da, hori baita eskatzen zaiena. Horregatik, euskararen erabilera ere sustatu eta lagundu beharko litzatekeela uste dut.