“Alde Zaharreko estimuluak beste eremuetan erabili ahal dira”

Anboto 2017ko abe. 16a, 12:30

Hainbat lagun batu ziren eguaztenean Soziolinguistika Klusterrak Plateruenean egin zuen aurkezpenean. Datuak ezagututa, euskalgintzan diharduen Maite Euba Areitioaurtenaren, Udal Euskaltegiko irakaslea, iritzia jaso du ANBOTOk.

Soziolinguistika Klusterrak Plateruenean eginiko aurkezpenean egon zara. Bertan emandako datuen artean, zein nabarmenduko zenuke?
Batez ere, Alde Zaharreko erabileragaz harrituta geratu naiz, eta uste dut aztertzekoa eta ona izan ahal dela jakitea zergatik egiten den gehiago Ezkurdi edo Madalenagaz alderatuta. Hango estimuluak beste eremuetan erabili ahal dira. Komertzioak, herri sentimendu gehiago... ez dakit zergatik izango den. Bestalde, umeen eta gazteen arteko erabilera datuetan ez dago alderik. Kontuan hartzeko datuak dira.

Zer sentsazio izan duzu euskararen kaleko erabilera datu orokorra ezagutzean? Ona ala txarra iruditu zaizu?
Hasieran datua entzutean oso gutxi iruditu zait, gero pozgarria izan ahal dela ere ikusi arren. Testuingurua garrantzitsua da. Baina zelan den kontua, txarra ere ondo ikustera heldu ahal gara.

Eta zer egin genezake egoera hobetzeko?
Aspaldi konturatu gara ezagutzan asmatu dugula, ondo erakutsi dugula, baina beste arlo batzuetan eragin beharko genukeela. Ezagutza badago, hori ez da kezkatzekoa, erabilera bai ostera. Eskolak ez diren beste eremu batzuk topatu behar genituzke normalizaziorantz. Gainera, ezagutzea ondo dago, baina gero erabiltzen ez baduzu? Lotuta doazen gauza bi dira.  Erabilera bermatu eta lagundu behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!