Gomez: “Harremanei eustea da helburua, baina irabazteko grina ere badugu”

Joseba Derteano 2017ko mai. 26a, 09:30

DRT adin tarte guztiak barneratzen dituen familia handi bat da. Beteranoak ere bai. 2011n sortu zuten Sapuzaharrak taldea. Gaur egun 35 bat kide ditu, eta urtean hainbat partidu jokatzen dituzte.

1969-73 urteen artean jaiotako belaunaldiari erretiratzeko sasoia heldu zitzaionean, beteranoen taldea sortzea erabaki zuten. “Aurretik ere jokatu izan ziren beteranoen partiduak, baina denboran oso sakabanatuta eta segidarik barik. Errugbian jokatzen jarraitzeko eta elkarren arteko hartu-emanei eusteko, ideia ona zela pentsatu genuen”, azaldu du DRTko seniorretan 22 denboraldi egin zituen Gotzon Gomezek. Geronimo Aviles izan zen talde hartara batzeko Gomezen deia jaso zuenetako bat. “Zazpi urte ziren errugbia utzi nuenetik, baina, zelan ez, batuko nintzela esan nion”, gogoratu du dimoztarrak. Arratiko Zekorrak taldeko sortzaileetakoa da Aviles, eta hainbat denboraldi eman zituen DRTn Durangora bizitzen etorri ostean.

Arrasatek beteranoen taldea zuen, haiekin hartu-eman ona zuten, eta hango futzionamendua hartu zuten oinarri. Ekonomikoki autonomoak dira kuoten bidez, eta estatutu propioak dituzte. Hilean behin entrenatzen dira gutxienez, eta urtean hainbat partidu jokatzen dituzte. “Hasieran Nafarroako La Unica taldearen kontra jokatzen genuen ia beti. Baina, orain, gero eta talde gehiago daude”, dio Avilesek. Aurten Santander taldearen kontra jokatu dute, Hernaniren aurkako partiduaren atarian daude, eta ekainean beteranoen Bizkaiko txapelketa jokatuko dute.

Errugbian jokatzen gozatu egiten dute, baina horrek ez du esan gura lehia albo batera uzten dutenik. “Uste dut jokalari batzuek eusten diogula oraindino irabazteko grina horri. Batzuetan pikeak ere sortzen dira”, onartu du Gomezek. Aviles ere gaztetu egiten du jokoa bere osotasunean sentitzeak. “Plakaketak gustatzen zaizkit, beti nago horrelakoetan sartuta.Gero gorputza minberatuta izaten dut, baina… Beste herrialde batzuetan Tag Errugbian aritzen dira beteranoak, baina nik gurago dut geurea”, dio Avilesek.

Azken urteetan jokalari berriak batu zaizkie, eta odol gazteagoaren ekarpena igartzen dela dio Gomezek, “batez ere korrika egiterako orduan, batzuoi gero eta gehiago kostatzen zaigu eta”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!