“Errugbi eskola funtsezkoa da; erein barik ez da uztarik jasotzen”

Joseba Derteano 2017ko mai. 26a, 09:30

Etxeko jokalariekin hornitzen den klub batean berebiziko garrantzia dauka harrobiak. Horregatik, mimo bereziagaz zaintzen dute Bambino Rugby Eskola. “Eskola funtsezkoa da. Erein barik ez da uztarik jasotzen”, diote Jose Ignacio Azurmendi Txusmen eta Sonia Oceja eskolako arduradunek.

Errugbi eskola orain 15 bat urte jaio zen. Urte haietan eman zen prozesu baten ondorio naturala izan zen. Federazioak antolatutako kontzentrazioetan herri askotako umeak batzen ziren. Durangokoak ere bai. Hasieran hiru ziren, ondoren sei eta, apurka, kopuruak gora eta gora egin zuen. Eskari horren bueltan jaio eta egituratu zen eskola.

Gaur egun 6 eta 14 urte arteko 100 gaztetxo dituzte. “Durango rugby taldearen erdia eskola da”, azaldu du Txusmenek. Klubaren gaur egungo baliabideentzat “kopuru hori da topea”. Eskaintza zabaltzeko, jende gehiago eta baliabide ekonomiko handiagoak beharko lirateke, joan-etorrietako autobusak ordaintzeko, esaterako. Horregatik, eskaintzaren kalitatea lehenesten dute.

“Pertsonak heztea gura dugu”, dio Ocejak. Denboraldiko helburua ez da partiduak irabaztea, balio zehatz batzutan sakontzea baino. Iaz ‘errespetua’ landu zuten; aurten konpromisoan sakondu dute.

Durangoko ikastetxeekin gertuko hartu-emana egin dute. “Herriko jendeagaz hornitzen gara, eta ikastetxeak dira hori bilatzeko oinarri. Badira urte batzuk ikastetxeetako lanketa oso garrantzitsua dela konturatu ginena”, azaldu du Ocejak. Hasieran ikastetxeetako heziketa fisikoko irakasleekin batzen ziren, errugbia  euren programan txertatzeko eskatzeko. Orain urte gutxi, curriculumean sartu zuten errugbia, lanketa jarraitu bat bermatzeko.

Ikastetxetik Arripausuetarako zubi lana urtero antolatzen duten Tag Rugby  Topaketak egiten du. “Bizipen berri bat izaten da umeentzat”. Ez baita berdina ariketak gimnasio batean edo benetako errugbi-zelaian egitea, beste 500 gaztetxoz inguraturik.

Eskolako %15-20 neskak dira. “Txapelketetara goazenean geu izaten gara neskarik gehien duen kluba”, Txusmenen esanetan. “Baina ez dugu itsuen herriko begiokerra izan gura, eta emakumeen errugbia sustatzea da lan ildoetako bat guretzat”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!