Durango Rugby Taldeak urte bi zituen, sorrerako egiturak oraindino erabat sendotu barik zeuden eta denek ez zuten egoki ikusten emakumeen taldea orduan sortzea, proiektua bera egonkortu barik zegoenean. Beraz, aurrelan bat egin zuten zuzendaritzakoak konbentzitzeko. Mendez emakume bila hasi zen, Durangoko koadrilarik koadrila, errugbi taldea sortzeko. “Temati aritu nintzen, ikastetxeetan honi galdetu, besteari proposatu… ”, gogoratu du. “Sasoi hartan hori egin izanaren garrantzia nabarmendu behar da”, gehitu du Ines Etxegibelek. 30 bat neska batuta, zuzendaritzara jo zuen berriro, eta bozketan baiezkoa nagusitu zen, gehiengoz. “Babestu gintuztela da garrantzitsuena. Gainera, orduko zuzendaritzako kidea zen Txusmen [Jose Ignacio Azurmendi] izan zen gure lehenengo entrenatzailea”, azaldu du Ines Etxegibelek.
Goretti Etxegibel Madrilen ikasten zebilela hasi zen errugbian. “Durangora bueltatu eta emakumeen talde bat sortzen zebiltzala jakitean ezin nuen sinetsi. Madrilen bai, baina Durangon eta 1989an? Itzela zen”. Belaunetaraino heltzen zitzaizkien mutilen kamisetekin entrenatzen ziren, Bereziganen eta inguruko ikastetxeetan, orduan ez zegoen-eta errugbi-zelairik.
Ines Etxegibelek ibilbide oparoa eta arrakastatsua izan zuen errugbian, eta gaur egun Uribarri Barrutieta haren pausoei jarritzen dabil. DRT-tik irtenda Getxon jokatzen dabil, eta Espainiako selekzioagaz munduan zehar ere bai. “DRTn hezi naiz. Han ezagututako lagunak eta jasotako baloiak, errespetua, taldearen garrantzia… betiko izango ditut nigaz”, dio durangar gazteak.