DRT, 30 urte egin dituen familia

Joseba Derteano 2017ko mai. 26a, 09:30

Durango Rugby Taldeak egun osoko jaia antolatu du zapatuan. Goizetik iluntzera Arripausueta zelaian batuko dira askotariko ekintza eta partidurekin eta, ondoren, Landako Gunera tokialdatuko dute jaia.

Arripausuetan adin tarte guztietako partiduak jokatuko dituzte: Den-denetan gonbidatu berezi bat izango dute: Hernani Club Rugby Elkartea. “Hernani gonbidatu dugu formazioan eta amateurretan egiten duten lana eredugarria delako. Kategoria denetan etxeko jendeagaz dihardute eta beti errugbi eskola lantzen. Gure lan ildoa ere horixe da gaur egun”, adierazi du DRTko presidente Juan Manuel Iriondo Txapok.

Beraz, partidu denak DRTren eta Hernaniren artekoak izango dira. 10:30etik aurrera, mailaz maila, 18 urtez azpiko kategoriara arteko partiduak jokatuko dituzte. Bazkalostean, 15:00etan, beteranoena hasiko da.

17:00etan urteurrenari begira antolatu duten I. Durango Neskak Rugby Txapela izeneko txapelketa jokatuko dute talde biek. Emakumeen errugbia sustatzeko egiten dabiltzan ahaleginaren barruan kokatzen den ekimena da. Txapelketa honek jarraipena izango du aurrerantzean eta bi urterik behin egingo dute. Datorren urtean haur-kategoriako txapelketa antolatuko dute eta, urterik urtera, torneo biak txandatzen joango dira.

Azkenik, 18:30ean, gizonezkoen talde nagusi biek jokatuko dute. Egunean zehar gaztetxoentzako gaztelu puzgarriak ere jarriko dituzte. Guztira 500 bat lagun batzea itxaroten dute.

Landako Gunean afaria, omenaldia eta erromeria

Iluntzean Landako Gunera eramango dute ospakizuna. 20:30ean denek elkarrekin afalduko dute. Oraingoz 400 bat txartel saldu dituzte. 21:30ean DRTren sorrerako lehenengo taldeei —gizonezkoak zein emakumezkoak— omenaldia egingo diete. “Iragana gaur egunagaz lotzeko modua izango da”, azaldu du Txapok.

22:00etan ateak irekiko dituzte gura duten denak jaiko parte bihurtu daitezen. Une horretan autoaren zozketa egingo dute, denboraldi osoan errifak saltzen ibili ondoren. Azkenik, 22.30ean, Luhartz taldearen erromeriagaz amaituko dute urteurren jaia.

EGITARAUA MAIATZAK 27

-ARRIPAUSUETAN-
10:30: 8, 10, 12 eta 14 urtez azpiko taldeen partiduak.
13:00: 16 eta 18 urtez
azpiko taldeak. DRT
15:00: Beteranoen partidua: Sapuzaharrak -Azerizaharrak
17:00: I. Durango Neskak Rugby Txapela DRT eta
Hernaniren artean.
18:30: Senior mailako gizonen partidua:
DRT - Hernani.

-LANDAKO GUNEAN-
20:30: afaria.
21:30: orain 30 urteko
nesken eta mutilen taldeei
omenaldia.
22:00: Nissan Gaursa
kotxearen zozketa.
22:30: Luhartz taldearen erromeria.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!