Eurentzat bientzat kirol “ezezaguna” zen. “Telebistan bost nazioetako partiduak ikustetik baino ez genuen ezagutzen”, dio Camarerok. Alpino tabernan batu ohi ziren; han, errugbi talde berrian izen-emateko zerrenda zegoen, eta izena eman genuen. Ez ziren bakarrak. 20-25 bat laguneko taldea osatu zuten.
Garai hartan, “ilusioa” izan zuten traba denak gainditzeko botika. “Hasieran ez genuekan ezer, ezta baloirik ere”, gogoratu du Uribek. “Bereziganera joaten ginen entrenatzera, eta han ibiltzen ginen, elkarri pase imaginarioak ematen”. Orduan ez zuten errugbi-zelairik ere. Beraz, partidu egunetan nomadak ziren: Garaizar, Iurretako Larrakozelaia, Arriaundi, Derioko seminarioa… “Arriaundin zelai bat zegoen. Argindarra sortzeko sorgailu zahar bat zeukan, eta biradera bati eragin behar genion. Neguan, kostatzen zitzaion arrankatzea. Beraz, bata bestearen atzean jarri eta txandatu egiten ginen biraderari eragiteko”, Uriberen esanetan. Larrakozelaia futbol-zelaia zen, eta beraiek egindako ateak muntatzen eta desmuntatzen zituzten partiduak hasi aurretik eta amaitu ostean. “Errugbian hirugarren denbora dagoela? Guk laugarren eta bosgarren denborak ere bagenituen”, dio Camarerok. Deriokoa ere ez zen paradisua, “zuloz betetako zorua eta bigarren mundu gerrakoak ziruditen dutxak” zituen.
DRTren ekonomiari laguntzeko, hainbat ekintza egiten zituzten. Goienkaleko eta Santa Anako jaiak antolatu zituzten urte batzuetan. Txosnak ere jartzen zituzten. Gaur egungo Rugby Taberna txosna edo lokal bat izan zen taberna bihurtu aurretik. Kluba eratu eta urte gutxira sortu zen taberna. “Uste genuen inportantea zela batzeko eta errugbi giroa bizitzeko gune propio bat izatea”, azaldu dute.
Klubaren sorreran zein harrezkero, Juan Mari Iriondo Txapok eta Jose Ignacio Azurmendi Txusmenek, besteak beste, egindako lana goraipatu dute. “Hor egon dira beti, orduan eta orain ere bai”.