Emakumeen UCI mailako Bizkaia-Durango taldeak “ilusioz” beterik ekingo dio denboraldi berriari Agurtzane Elorriaga kirol zuzendariaren esanetan. Erronka politak dituzte aurretik. Batetik, aurtengo denboraldirako sortu duten Women World Tour egutegiko lasterketetan parte hartzeko aukera dute gonbidapenen bidez. Munduko talderik onenek osatutako tropeleko partaide izango dira: “Guretzat pausu handi bat da, oso maila handiko lasterketak direlako eta talde gaztea dugulako, baina ahalik lanik onena egiteko gogotsu gaude”. Egutegi horretako hitzordurik nagusienetakoa emakumeen Italiako Giroa izango dute. Emakumeen txirrindularitza sustatzeko gizonen Frantziako Tourreko eta Espainiako Itzuliko azken etapetan —Paris eta Madrilen— antolatzen diren emakumeen La Course lasterketak ere lehiatuko dute. Itzuli handiez gainera, Flecha Valona lako klasikoak ere euren agendan daude.
Estatu mailako lasterketetan helmuga berrietara heldu gura dute. Orain urte bi taldeka Espainiako Kopa irabazi ostean, aurten bakarkako sailkapenerako borrokan egon gura dute Mavi Garciarekin (32 urte, Balear Uharteak). Kim Le Court (20 urte, Maurizio) gazteak ere borroka horretan egoteko maila du, baina seguruenik beste helburu handiago batek eragotzi egingo dio Kopako lasterketa denak lehiatzea: Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetara sailkatzeko puntu gutxi falta zaizkio. Apirilaren 13tik 17ra izango den Emakumeen Biran ere parte hartuko du Bizkaia Durangok.
Bizkaia-Durangok, oro har, talde gaztea du. Harrobian hasi eta goiko taldera heltzea lortu duen Lourdes Oyarbide da horren adibide. 21 urteko arabarrak palmares ederra du dagoeneko: esaterako, iaz erlojupeko zein errepideko Euskadiko txapelketak irabazi zituen eta Espainiako Kopan 23 urtez azpikoan gailendu zen. Hauek dira taldea osatzen duten gainerako txirrindulariak: Lierni Lekuona (20 urte, Lezo, Gipuzkoa), Irati Idirin (21 urte, Zeberio), Paula Lanz (19 urte, Gasteiz), Naia Leonet (18 urte, Orereta, Gipuzkoa), Marga Lopez (18 urte, Balear Uharteak), Coral Casado (20 urte, Palentzia), Heidi Dalton (21 urte, Hegoafrika), Elisabeth Escursell (19 urte, Terrassa), Roos Hoogeboom (33 urte, Herbehereak), Olga Shekel (21 urte, Ukrainia), Lisa Olivier (32 urte, Hegoafrika), Andreina Rivera (25 urte, Kolonbia) eta Gleidimar Tapia (24 urte, Venezuela).
Gazteen eta 23 urtez azpikoen taldeak
Atzo Durangoko San Agustin kultur gunean egindako ekitaldian, Duranguesa txirrindulari elkarteak gazteen eta 23 urtez azpikoen aurtengo taldeak ere aurkeztu zituen.
23 urtez azpiko Eiser Inforlur taldeak bigarren denboraldia izango du errepidean. Iaz txirrindulari eta baliabide gutxirekin biziraun ostean, aurten indarberrituta datoz zazpi txirrindulari eta baliabide sendoagoekin. Gehienak harrobikoak dira: Iñaki Arakistain, Xabier Gutierrez, Jon Munitxa, Julen Solaun eta Aritz Oleaga. Lander Lopez eta Lander Etxebarriak osatzen dute zazpikotea. Unai Uribarri eta Kimetz Lapazaranen aginduetara ibiliko dira.
Beste Alde La Tostadora gazteen taldeak (17-18 urtekoak) apurka txirrindulariak trebatzea du helburu nagusi. Peru Barañano, Euken Ertzilla, Gontzal Garcia, Jabier Humanes eta Renato Nunes bigarren urtekoak dira eta Eneko Munitxa, Txomin Munitxa eta Pello Ugarte lehen urtekoak. Markel Arbulu eta Gartzen Elejabarrietaren aginduetara ibiliko dira.
Beste hainbat herrigaz elkarlanean, iaz sortutako Durangaldeko Bizikleta Eskolagaz lanean jarraitzeko asmoa ere erakutsi zuten atzo Duranguesa txirrindulari elkarteko kideek.
Durango-Durango Klasikoa, Gerediaga eta San Juanetik
Atzo aurkeztu zuten ofizialki apirilaren 12an jokatuko zen Durango-Durango Klasiko prestigiotsua ere. Aurten ibilbidea moldatu egin dute. Ez dituzte Muniketa eta Goiuria igoko. Horien ordez, Garai ingurura birritan igoko dira; lehenengoan Gerediagatik eta bigarrenean San Juanetik. Azken horretan %17ra arteko aldapak daude eta gaina helmugatik zazpi kilometro eskasetara dago.
Urtero legez, goi mailako taldeak datoz: 12 herrialdetako (Italia, Herbehereak, Erresuma Batua, Ameriketako Estatu Batuak, Australia, Frantzia, Suitza…) 22 talde. Tartean, Emma Johansson iazko irabazlea izango da. Johanssonek Bizkaia-Durangorekin egin zuen profesionaletan debuta. Bizkaia-Durangorentzat etxeko lasterketa da eta “guretzako urteko hitzordurik inportanteenatakoa izango da”, azpimarratu zuen Agurtzane Elorriagak.
Eiser Inforlur 23 urtez azpiko taldea
Beste Alde La Tostadora gazteen taldea: