Oyarbide eta Aramendia Espainiako Kopako txapeldun

Anboto 2015ko eka. 22a, 09:39

Lourdes Oyarbide irabazlearen elastikoagaz

Atzo Errioxan Espainiako Kopako azken lasterketa jokatu zuten eta Lourdes Oyarbide —Bizkaia-Durango— 23 urtez azpikoan eta Maialen Aramendia —CAF Transport Engineering— kadeteetan Espainiako txapeldun geratu ziren.

Oyarbide arabarrak elite mailako txapelketa irabazteko aukerak zituen eta talde osoak horretarako lan egin zuen, baina azkenean ez zen posible izan. Hala ere, 23 urtez azpiko onenaren elastikoari eutsi zion Kopa bikaina borobilduz: “Avilan lehen egunean elastikoa jantzi nuenean ez nuen uste azkenera arte eutsiko nionik. Oso pozik nago, mundu osoaren aldetik lan handia egon da “, adierazi du Oyarbidek. Ez du garaipena ospatzeko tarte handirik izango. Datorren asteburuan Espainiako txapelketan parte hartu du eta erlojupekoan urrezko domina izango du helburu.

Iurretako CAF Transport Engineering taldeko Maialen Aramendiak bigarren amaitu zuen atzoko lasterketan eta kadete mailan Espainiako Kopa irabazi zuen. Horrez gainera, Euskaldun Torneoko lider darrai. Bere taldekide Sandra Alonso junior mailako lider jarri da Euskaldun Torneoan atzo bosgarren amaitu ostean.

Errioxako lasterketa Leire Olaberriak irabazi zuen eta BZK taldeko Maria el Mar Bonnin sailkatu zen bigarren.

Bizkaia-Durango jaun eta jabe Tafallan

Zapatuan Tafalla Saria lasterketan Bizkaia-Durango taldeko txirrindulariek podiumeko lehen hiru postuak bete zituzten elite mailan. Lasterketa Anna Ramirezek irabazi zuen, Lourdes Oyarbide bigarren sailkatu zen eta Elena Utrobina hirugarren.

 Maialen Aramendia podiumean txapeldunaren elastikoagaz:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!