Gartzen Elejabarrieta: "Ahal banu, eguneko 24 orduetan ibiliko nintzateke bizikletan"

Anboto 2016ko ots. 27a, 10:00

2014an, bere denboraldirik onena behar zuena amesgaizto bihurtu zitzaion Gartzen Elejabarrietari (Abadiño, 1996). Zornotzan junior mailako Udaberri saria irabazita, Bizkaiko Ligako lider zegoen, handik astebetera eroriko bat izan zuen arte. Harrezkero, belaunak ez dio bakerik eman, eta txirrindularitza utzi behar izan zuen. Orain, Beste Alde-La Tostadora gazteen taldean zuzendari dabil.

Zelan gogoratzen duzu erorikoa?
Duranguesak lasterketa bat antolatu zuen eskualdean. Goizean taldekako erlojupekoa izan genuen, eta birritan erori nintzen. Lehenengoan, taldeko denok erori ginen irristakor zegoen gune  batean. Bigarrena azken metroetan izan zen; abiadura bizian  gindoazen, eta taldekide batek albotik aurreratu ninduenean, eskulekuan ukitu eta biok erori ginen.

Zeintzuk izan ziren ondorioak?
Belaunean hartu nuen min, barruko aldean. Momentuan, ez nuen belauna sentitzen. Gerora, hobetu egin zitzaidan, eta kolpe soila zela uste nuen, baina entrenamenduetan kargatu egiten zitzaidan, eta min ematen zidan.

Minak min, ez zenion korritzeari utzi.
Ez. Astebetean geratzea erabaki nuen, baina medikuarengana joan barik. Neure kabuz pentsatu nuen aste batean atseden hartzea. Berriro entrenatzen hasi nintzenean mina bueltatu egin zen.

Zure ibilbideko sasoirik onenean zeunden, gainera.
Bai, junior mailan Zornotzako Udaberri saria irabazi nuen erori baino astebete lehenago, eta Bizkaiko ligan lider nindoan. Nire ibilbideko unerik onena zen, bai.

Zein unetan esan zenuen: “Hau amaitu da”.
Erori eta hilabete eta pikura ohartu nintzen ez zela kolpea bakarrik. Mina ez zen pasatzen, lasterketak utzi egin behar, entrenatu ere txarto… Ordubete entrenatu, eta etxera joan behar. Horrela ezin daiteke ibili.

Zer zioten osagileek?
Biomekaniko eta fisioterapeutengana joaten hasi nintzen. Baina, aditu bakoitzak gauza bat esaten zidan; batzuek tendinitisa zela, besteek bizikletako postura txar baten ondorioz kargatzen zitzaidala belauna… Denei entzun, eta emandako irtenbideak probatu arren, emaitzarik ez. Horrela ibili nintzen denboraldi osoan: astebete lehiatzen, beste hilabete geldi tendinitisa zela ziotenek gomendatuta, bueltatu eta mina, beste aditu batengana joan eta ez entrenatzeko, beste batengana joan eta normaltasunez entrenatzeko… Euskal Herri osoko fisio eta biomekanikoak bisitatu nituen, baina ez zidaten askorik argitu.

Denboraldia amaitu zenean, uztea erabaki zenuen.
Hurrengo denboraldian afizionatuetarako saltoa eman behar nuen. Duranguesako jendeak animatu egiten ninduen. Txirrindularitzarako balio nuela, eta gutxienez, probatzeko esaten zidaten. Hasi nuen aurredenboraldia, gimnasio eta guzti, baina bizikleta gainean bi-hiru astean, berriro kargatu zitzaidan belauna. Berriro hara eta hona joaten hasi nintzen. Aitak eta amak alde denetara laguntzen zidaten. Baina, azkenean ezin.

Bizikleta hain gazterik uztea erabaki zenuen unea gogorra egin zitzaizun?
Oraindino lasterketak ikustera joaten naizean, eta oso gogorra egiten zait. Edozelan ere, txirrindularitza munduan jarraitzen dut, nahiz eta ez lehiatu. Baina, bai, gertatu zaidanak amorrua ematen dit. Ahal banu, eguneko 24 orduetan ibiliko nintzateke bizikletan, aurrera eta atzera. Orain ere ibili ibiltzen naiz mendiko bizikletagaz, baina egun batzuetan segidan ari banaiz, belauna kargatu egiten zait. Baina, bai, ibiltzen naiz.

Bizikleta zaletasun berantiarra izan zenuen, ezta?
Etxean betidanik jaso dut bizikletarako kultura, baina umetan pilotan jokatzen nuen. Pilota futbolagatik utzi nuen, eta futbola txirrindularitzagatik.

Zornotzako Udaberri Saria izan zen zure garaipenik handiena. Zelan gogoratzen duzu?
Itzela izan zen. Muniketan lauk aurrera egin, eta ihesean zihoazenak harrapatu genituen. Bigarren igoeran, erritmoa markatzen hasi nintzen, eta denak geratzen hasi ziren. Neuk ere ez nuen sinesten. Muniketatik Zornotzara arteko bidea bakarrik egin nuen. Horrela irabaztea handia izan zen, etxekoen aurrean, gainera.

Gaur egun, Beste Alde-La Tostadora gazte mailako taldean zabiltza.
Bai, zuzendari lanetan arituko naiz Markel Arbulugaz batera. Txirrindulari ohia bera ere. Ilusioz gabiltza.

Aurtengo denboraldian zer espero duzue?
Lehen urtekoen lana kilometroak pilatu eta hankak indartzea izango da. Bigarren urtekoena emaitzak ateratzen saiatzea. Badaude serio dabiltzan batzuk, eta esperantzaz gaude. Peru Barañano durangarra eta Gontzal Garcia atxondarra, esaterako. Bizkaiko liga, Euskal Herriko Kopak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Itzuliak lehiatuko ditugu, besteak beste. Belgikara ere joango gara lasterketa batzuk lehiatzera.

23 urtez azpiko Eiser-Inforlur taldeak —Gartzenen iazko taldea— zer eskaini dezake aurtengo denboraldian?
Azpiegitura indartsuagoak dituzte, eta ilusioz daude. Azkenenan, beste batzuekin alderatuz, talde hau ez da gazterik onenak fitxatuz osatutako selekzioa. Duranguesaren egitura barruko gazteei aukera eskaintzen dien taldea da. Afizionatuetarako saltoa eman behar denean hutsunea dago gaur egun, eta jende asko txirrindularitza utzi beharrean egoten da. Beraz, horrelako taldeak garrantzitsuak dira. Gazteei, behetik datozenei, ilusioa pizteko modua da eta aukera bat eskaintzen die.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!