Beteranoen Espainiako txapelketa jokatuko dute Durangon zapatuan

Anboto 2014ko uzt. 7a, 15:11
Amnakomunzgoko presidente Oskar Zarrabeitia eta Durango Kirol Taldeko ordezkariak gaurko aurkezpenean
Estatuko talderik indartsuenak etorriko dira. Durango Kirol Taldeak emakumeetan parte hartuko du eta podiumean sartzea du helburu.

 

Durango Kirol Taldeak antolatuta, Beteranoen Kluben arteko Espainiako Txapelketa jokatuko dute larunbatean Durangoko atletismo pistan. 2008tik hona antolatzen den Durango Uria Atletismo Criteriumari eutsi egingo diote, baina goizera mugatuko dute. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Espainiako 320 atleta beteranorik onenak lehiatuko dira. Horrela, asteburu bitan Espainiako txapelketa bana hartuko ditu Durangok: promesen mailakoa joan zen asteburuan eta beteranoena datorren zapatuan.

Arratsaldean, 24 talde lehiatuko dira atletismo pistan: gizonen klubak maila bitan banatuko dituzte eta emakumeen zortzi taldeak maila berean ariko dira. Euskal Autonomia Erkidegoak ordezkari bakarra izango du: Durango Kirol Taldea emakumeetan. Katalunia eta Madril dira ordezkaritza handiena duten erkidegoak eta Andaluzia eta Kanariar Irletatik ere etorriko dira taldeak, besteak beste. Izen propioen artean hainbat nabarmendu daitezke: esaterako, Grigoriy Yegorov (Benacantil A.T.), pertika jauzian brontzezko domina lortu zuen 1988an Seulgo Joko Olinpikoetan eta Loles Vives (Avinent Manresa) 60 metrotan eta luzera jauzian hainbat bider izan da Europako txapelduna. Iaz Europako urteko markarik onenetako batzuk Durangon egin ziren.

Durango Kirol Taldeak sasoi betean aurre egingo dio txapelketari. Otsailean Espainiako taldekako indoor txapelketa irabazi zuen eta “orain orduan baino hobeto daude”, Durango Kirol Taldeko presidente Juan Sampedrok adierazi duenez. Aurora Perez madrildarra da taldeko izarra (bere ibilbidean 47 domina lortu ditu nazioarteko txapelketetan eta 2013ko atleta beteranorik onenaren saria eman zioten iaz), baina lesio batetik irteten dabil eta ez dakite etortzeko modurik izango duen. Hala ere, taldeak  “podiumean sartzea” du helburu.

Goizeko 11:00etan criterium-a jokatuko dute maila indibidualean 100 bat atletek. Durango Kirol Taldetik 10 bat atleta ariko dira hainbat modalitatetan: Jose Luis Romerok 400 metrotan parte hartuko du eta Daniel Fernandezek altura jauzian, bestek beste.

Txapelketa antolatu ahal izateko Durangoko Udalaren eta Durangaldeko Amankomunazgoaren laguntza eskertu du Durango Kirol Taldeak. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak kluben lana azpimarratu du: “Guk lagundu dezakegu, baina klubetako bolondres askoren lanik gabe ezinezkoa litzakete horrelako txapelketak antolatzea. Txapelketa honek eta joan zen asteburukoak —promesena— gure filosofia islatzen du: kirola adin guztietarako da”. Txapelketak ehundaka lagun mugituko ditu eta horrelako ekitaldiek Durangaldea ezagutara emateko balio dutela adierazi du.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!