Durango Kirol Taldeko emakume beteranoek Espainiako txapelketa irabazi dute

Anboto 2014ko ots. 4a, 17:03

Txapela jantzita bueltatu dira Durango Kirol Taldeko emakume beteranoak Sabadelletik (Herrialde katalanak). Izan ere, indoor mailako Espainiako Kopa irabazi zuten zapatuan.

Aurreko edizioetan Manresako (Herrialde katalanak) taldea izan da txapeldun, eta horiek gainditu izanak, emaitza bikaina bihurtzen duela nabarmendu dute. Guztira zazpi izan ziren klub parte-hartzaileak.

Begoña Martinez durangarra seigarren heldu zen 60 metrotako proban.  Duela urte bi bueltatu zen lehiara, eta zapatuan bere marka pertsonala hobetu zuen. Rosa Loiti durangarrak erreleboetan parte hartu zuen, eta gainera ordezkari ere ibili zen. Eva Muñoa elorriarra hirugarren izan zen pisu jaurtiketan; azken asteetan lepoko minekin ibili da eta ezin izan zuen marka hobetu.

Perez eta Paunica, irabazle
Taldeko emaitza onenak Aurora Perezek eta Emilia Paunicak eskuratu zituzten. Perez 1.500 metroetan gailendu zen, txapelketako errekorra ezarriz gainera. Paunicak alde handiz irabazi zuen pista osoari buelta emateko proban. Bi horietaz gainera, Ainhoa Insunza bigarren izan zen luzerako jauzian, Ines Perez laugarren 400 metroetan eta Mari Jose Gil bigarren 800 metroetan.

Erreleboen probara, azkenekora, sailkapeneko lehenengo postuan ailegatu ziren durangarrak, eta abantaila horri eusten jakin zuten.

Uztailean, Durangon
Manresakoek taldeko onenetako bat, Loles Vives,  falta zuten zapatuan. Uztailaren 12an Durangon jokatuko da aire zabaleko Espainiako txapelketa, eta hor izango dute errebantxarako aukera. Durangarrek aitortu dute ez dela erraza izango txapela berriro jaztea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!