Espainiako promesen atletismo txapelketa jokatuko da Durangon

Anboto 2014ko eka. 23a, 12:22

Uztailaren 5ean eta 6an jokatuko den lehian 700 atletak hartuko dute parte, eta Durangora 2.000 bat lagun etortzea aurreikusi dute antolatzaileek.

Bidezabal atletismo klubak antolatu du txapelketa, eta Juan Ignacio Hernandez arduradunak esan du maila handiko kirolariak etorriko direla. Gorengo mailaren aurreko etapan dauden Espainiako atleta onenak ibiliko dira txapelaren bila. Marka oso onak ikusteko aukera egongo da Hernandezen arabera. Horren adibide, urteetan atzera Reyes Estevez edota Yago Lamelak errekorrak lortu zituztela gogoratu du. Ekitaldia iragartzeko kartelean, hain zuzen, Lamelaren argazkia agertzen da; maiatzean hil zen jauzi hirukoitzean eta luzera jauzian munduko onenetakoa izan zen asturiarra. eta Bidezabalekoek omenaldia egin gura izan diote modu horretan.

Hernandezek aurreratu du Bidezabaleko lau emakumek domina lortzeko aukera edukiko dutela. Momentu honetan rankingean daukaten postua ikusita egin du aurreikuspena. Adibidez, Olatz Egiguren lekeitiarrak heptatloian parte hartuko du. 200 metrokoan, hesietan eta erreleboetan ere badaukate domina eskuratzeko esperantza. 5eko jardunaldia 10:00etan hasiko da, eta 6koa 09:00etan. Biek gaueko 22:00ak ingurura arte iraungo dute.

Bestalde, zapatu honetan ere, hilaren 28an, txapelketa bi hartuko ditu Landakoko pistak. Emakumeen Ohorezko Mailan jaitsiera eta igoera postuak jokatuko dituzte, eta Bidezabal egongo da mailari eusteko proban. Gainera, gizonen Lehenengo Mailako finala ere bertan burutuko dute.

2.000 lagun Durangon

Kirolari, epaile, talde eta zaleak kontuan hartuta, 5ean eta 6an 2.000 bat lagun batzea itxaroten dute Durangon. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak garrantzia eman dio datu horri, eta nabarmendu du Durangaldeko ostatuak beteta daudela asteburu horretarako, eragin ekonomikoaren adierazle. Txapelketarako 12.000 euroko laguntza eman diote Bidezabali, eta gogora ekarri du pista hobetzeko eta eguneratzeko inbertsioak egin izan dituztela. Aitziber Irigoras alkatea pozik agertu da txapelketa Durangon ospatuko delako, horrela Durangoren izena kanpoan entzungo delako. Hernandezek uste du kirola egiteaz gainera turismorako ere aprobetxatuko dutela Durangora datozenek.

Iaz Espainiako Jubenil Mailako txapelketa jokatu zen Durangon, eta urtebetera promesena dator. Hernandezek azaldu du laguntza jasotzen duten bitartean txapelketak antolatzen jarraituko dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!