24 domina Durango Kirol Taldearentzat Atletismoko Euskadiko Txapelketan

Anboto 2014ko ots. 19a, 18:20

Durango Kirol Taldeko atletak irabazitako dominekin
Durango Kirol Taldeak emaitza paregabeak lortu ditu asteburuan Euskadiko Atletismo Txapelketan. Donostiako Antonio Elorza belodromoan jokatutako txapelketan 24 domina lortu dituzte. Txapelketa beterano eta maila absolutukoentzat izan da.

 

Euskadiko Txapelketan Durango Kirol Taldekoek maila izugarria erakutsi zuten, denen artean 15 urrezko domina lortuz. Txapelketara 13 atleta joan ziren: Jose Luis Romero, Pedro Mora, Lander Fernandez, Rosa Loiti, Begoña Martinez, Florentino Martin, Daniel Fernandez, Maria Jose Gil, Ines Perez, Julia Bea, Kofi Darko eta June Arbeo. Atleta guzti hauetatik gehienek lortu zuten dominaren bat. Begoña Martinezek lortu zituen gehien, lau urrezko domina.  Martinezek, pisu jaurtiketan, altuera-jauzian, 200 eta 60 metrotan eta oztopo-hesietan.

 

Rosa Loiti ere ez zen atzean gelditu eta honek ere hiru urrezko domina lortu zituen, denak abiadura probetan. Ines Perezek ere hiru urrezko domina irabazi zituen, 70 urtetik gorakoen mailan, 60, 200 eta 400 metro lauetan.  Azken bi proba hauetan, Perezen taldekide Julia Beak, bi zilarrezko domina lortu zituen. Jauzi hirukoitzean berriz, Ainhoa Insunzak lehen postuan bukatzea lortu zuen, eta maila goreneko zilarrezko domina irabazi zuen. Emakumezkoetako azken urrea lortu zuena Maria Jose Gil izan zen, 800 metroetako proba irabaziz. June Arbeo gazteak bere aldetik, proba oso on bat eginez  maila gorenean, 3.000 metroan, bosgarren postuan bukatu zuen.

 

Gizonezkoetan, Jose Luis Romerok martxoaren 8 eta 9an Zaragozan jokatuko diren Espainiako Txapelketei begira maila onean dagoela erakutsi zuen.  68 urterekin 200 eta 400 metrotako lasterketetan garaipena lortu zuen. Proba bi hauetan Pedro Morak eta Lander Fernandezek ere bi aldiz podiumera igotzea lortu zuten.

 

Bestalde, Florentino Martinek 83 urterekin maila onean dagoela erakutsi zuen 200 eta 800 metrotako lasterketetan gailenduz. Altuera-jauzian berriz, Daniel Fernandezek 1,36 markarekin urrezko domina lortu zuen.  Baita ere, nabarmendu behar da Kofi Darko gazteak ondo moldatu zela maila goreneko probetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!