"Sasoian eta ilusio handiagaz sentitzen naiz"

Anboto 2014ko urt. 14a, 08:45
Oier Ariznabarreta podiumean Durango Kirol Klubeko taldekideekin.
Oier Ariznabarreta durangarra Bizkaiko Kros Txapelketako azpitxapeldun geratu zen domekan Ortuellan. Krosean daramatzan hiru urteetan lortu duen posturik onena da.

Hiru urte dira Oier Arizbarreta (Durango Kirlo Kluba) krosak lehiatzen hasi zenetik. Aurten arte ez da bere modalitaterik eraginkorrena izan eta normalean “sentsazio txarrekin eta deseroso” ibili izan dela aitortu du. 2014an, ordea, erabat aldatu zaio egoera. Zornatzako nazioarteko krosa 30. postuan amaitu zuen (Ekaitz Kortazar taldekideak 28. tokian) eta joan zen domekan Bizkaiko kroseko azpitxapeldun geratu zen Ortuellan. Iñigo Urretxuak (Bikila Bilbao) irabazi zituen lasterketa zein txapelketa eta Ariznabarreta laugarren helmugaratu zen, baina bera izan zen bigarren bizkaitarra: “Inondik inora ez nuen uste lortu dudana lortzerik eta oso pozik nago”, adierazi du durangarrak. Durango Kirol Kluba bigarren sailkatu zen taldekako sailkapenean.

 

Zirkuitua lehor eta lokatz barik egotea izan zen hain errendimendu ona eskaintzearen arrazoietako bat. Sarritan asfaltoan entrenatzen du, korrikalari arina da eta, ondorioz, zirkuitu bizkorretara hobeto moldatzen da. Baina aurten krosean eman duen aurrepausuaren zergaitiak aztertzerako orduan, badira zirkuituaren egokitasuna baino arrazoi sendoagoak. Orain arte jarraitzen zuen entrenatzeko modua aldatu du, batez ere epeei dagokionez. Normalean, negua aurredenboraldi moduan hartzen zuen. Mendi lasterketen denboraldia buruan, apurka-apurka sasoia hartzen joatea zuen helburu. Maiatzeko Zegama-Aizkorri proban ehuneko ehunean egoteko helburuz antolatzen zuen prestakuntza. Aurten ez. Aurten negua “topera” hasi duela azaldu du: “Nire taldekideak gogotsu ikusi ditut eta horrek neu ere topera entrenatzera bultzatu nau. Maiatzeko Zegama-Aizkorriri begira egotea luze egiten zitzaidan eta, zelan esan, apur bat gogo barik heltzen nintzen. Aurten topera hasi naiz hasieratik. Psikologikoki oso indartsu aurkitzen naiz. Sasoian nago eta ilusio handiz sentitzen naiz”.

 

Gainera, aurten ez dago mendi lasterketen euskal selekzioko hautatuen artean oraingoz.  Emaitzak ez dira onegiak izan eta Eneko Allende hautatzaileagaz berba egin ostean, ez da selekzioan egongo momentuz: “Euskal selekzioan maila oso handia dago eta neure burua larregi estutu baino gurago dut ez joan”.

 

Euskadiko txapelketa

 

Kontuak kontu, otsailean jokatuko den Euskadiko Kros Txapelketara sasoian helduko da durangarra. Ordurako, lesio baten ondorioz Bizkaiko txapelketan parte hartzerik izan ez duen David Garcia taldekideak ere errekuperatuta Egon behar luke eta, horrela bada, taldekako helburua hiru onenean artean sailkatzea izango dela adierazi du Ariznabarretak

 

Durango Kirol Klubari dagokionez, Ortuellan taldekide berri bik debutatu zuten krosean: Aitor Astorkia garaitarrak (triatloietan ere ibiltzen da) eta Imanol Goñi natxituarrak. Iaz, besteak beste, Sorginen Lasterketa irabazi zuen Goñik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!