Kalean lokal handi bat irudikatuta euren iritzia kontuan hartzeko eskatuko dute gazteek

Anboto 2012ko mar. 15a, 08:40

Zapatu eguerdian aldarrikapen ekitaldia egingo dute udaletxe aurreko plazan. Gazte lokalak arautzeko beharra ikusten dute, baina udalak ordenantzan zehaztutako hainbat puntu \'gehiegizkoak\' direla salatu dute gazteek. Lokaletako ehun kide baino gehiago batu dira ordenantzan gazteen partaidetza aldarrikatzeko

Zapatu eguerdian aldarrikapen ekitaldia egingo dute udaletxe aurreko plazan. Gazte lokalak arautzeko beharra ikusten dute, baina udalak ordenantzan zehaztutako hainbat puntu "gehiegizkoak" direla salatu dute gazteek. Lokaletako ehun kide baino gehiago batu dira ordenantzan gazteen partaidetza aldarrikatzeko.

 

Lokalen udal ordenantza atzera botatzeko eta horrelako arauketak egiterakoan euren iritzia kontuan hartzeko eskatu dute Durangoko lokaletako kideek: "Lokalen erabiltzaile izanda zer esanik dugula uste dugu". Ez daude gazte lokalak erregulatzearen kontra, baina partaidetzatik etorritako ordenantza gura dute.

 

Ordenantzan zehazten diren hainbat puntu "gehiegizkoak" dira gazteentzat: "ezinezkoa zaigu eskakizun guztiak betetzea, eta beraz, araua lokalak ixteko tresna baino ez dela uste dugu". Gazteen izenean Miren Erdoizak azaldu duenez, lokalak erregulatzeko "neurri koherenteak" gura dituzte; Gernika edo Elorrioko ereduak aipatu ditu Erdoizak: "aireztatze egokia edukitzea edo su-itzalgailuak edukitzea ondo ikusten dugu, baina lokala insonorizatzeak, adibidez, 6.000 euro kostatzen du". Lokalen jabeen eta gazteen artean akordioak eginda ordaindu beharko lituzkete neurriak.

 

Euren aldarrikapena kaleratzeko, zapatu honetan 12:00etatik aurrera batuko dira udaletxe aurreko plazan, plaza "lokal erraldoi bihurtzeko". Lokalei zer erabilpen ematen zaien erakutsi gura dute zapatuko ekitaldian: "bertan egongo gara berba egiten, jokuak egiten... eta batzarra egingo dugu gure egoeraz berba egiteko".

 

Durangon 50 gazte lokal baino gehiago dago momentu honetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!